GARA

Inoizko sakonera handienean filmatua

«Pseudoliparis belyaevi» espezieko arraina 8.336 metroko sakoneran filmatzea lortu dute, Izu-Ogasawara itsas hobian (Japonian).

«Pseudoliparis belyaevi» espiezeko ale heldu bat.
«Pseudoliparis belyaevi» espiezeko ale heldu bat. (UWA)

Itsaspeko kamera batek 8.336 metroko sakoneran arrain bakarti bat harrapatu berri du iruditan, inoiz baino sakonago, Australia Mendebaldeko Unibertsitateak (UWA) jakinarazi duenez. «Pseudoliparis belyaevi» izeneko arrain barraskilo baten ale gaztea da eta Izu-Ogasawara itsas hobian filmatu dute, Tokiotik 1.000 kilometro hegoaldera. Arrain mota hori, hamaika zentimetro luze izatera iristen dena, 2017an 8.178 metroko sakoneran ikusia izan zen Mariana Hobian, Ozeano Barearen mendebaldean. UWAko zientzialariek bi hilabete iraun zuen ikerketa batean parte hartu zuten 2022ko amaieran, Tokioko Unibertsitateko lankideekin batera, eta «pseudoliparis belyaevi»ren bi ale ere antzeman zituzten 8.022 metrora. Alan Jamieson espedizioko buru zientifikoak hamabost urte baino gehiago daramatza espezie hori ikertzen. «Harrigarria da zein sakoneran bizi daitezkeen animalia hauek», esan du. Deigarria da ale gazteek helduek baino sakonago bizitzeko joera dutela. «Beste toki batzuetan, Mariana Hobian esaterako, gero eta kopuru txikiagoan aurkitzen genuen arrain hau. Baina Japonian dezente ugariagoak dira», adierazi du.