GARA
DONOSTIA

Sebas Etxaniz baldintzapean aske da, 20 urte eta erdi preso eman ondoren

Etxeratek aditzera eman zuenez, baldintzapeko askatasuna erdietsi zuen atzo Sebas Etxaniz Alkorta elgoibartarrak. 80 urte beteko ditu aurten, eta 20 urte eta erdi zeramatzan preso.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kiderik zaharrena zen Etxaniz. 2020ko uztailetik zegoen hirugarren graduan, 2019an zigorraren hiru laurdenak beteta.

Kartzelan eman zituen azken urteak borroka judizial luze batek markatu zituen, presoek legezko bidetik egindako apustuaren aurrean epaileen ebazpen zentzugabeen sinbolo bihurturik.

Behin baino gehiagotan ukatu zitzaion hirugarren gradua, aurrez tarteka ateratzeko baimenik izan ez zuelako. Eta baimenak, aldiz, hirugarren graduan ez zegoelako ukatzen zizkioten.

Etengabeko oztopo judizialak

2020an eskuratu zuen hirugarren gradua, baina 2019an eskakizuna egin eta ukatu ostean. Izan ere, oztopoak izan ditu parez pare Etxanizek urteetan. Izan ere, 1995eko Zigor Kodea ere urratu zuen epaileak. Zigor Kode horrek 70 urtetik gorako presoak hirugarren gradura igarotzea jasotzen du, «haien arriskugarritasun eskasarengatik».