GARA
DONOSTIA

Sanz-Azkueren GAUR8ko lan batek irabazi du kazetaritzako Elhuyar saria

Iñaki Sanz-Azkue, ezkerrean, saria jasotzen.
Iñaki Sanz-Azkue, ezkerrean, saria jasotzen. (Andoni CANELLADA | FOKU)

”Begiratu urrunera” lelopean banatu zituzten atzo CAF-Elhuyar sariak Usurbilgo Sutegi aretoan. Sarituen artean dago Iñaki Sanz-Azkuek GAUR8 astekarian argitaratutako “Dragoi txiki bat egongelako horman”. Saria bigarrenez irabazi du Sanz-Azkuek, 2021ean “Etxeko leihoak naturaren behatoki” artikulua saritu baitzioten arlo berean. Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin. Helburua da zientzia eta teknologiaren arloko gaien eta ikerketen euskarazko dibulgazioa, kazetaritza eta gizarteratzea saritzea.

Edizio honetan honako lanak saritu dituzte: Judith Zubia Aranburu, “Garena egiten gaituena, egiten duguna idazteko” lanarekin; Mattin Urbieta Galarragaren “Elektroiekin dantzan nanoeskala argitzeko”; Aitor Garmendia Etxeberriaren, “Aralar, balioen eta interesen aniztasuna parke natural batean”; eta Iñaki Sanz-Azkue. Saridun guztiek 2.000 euroko ordaina eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso zituzten.

Zientzia-kazetaritza kategorian, ‘Dragoi txiki bat egongelako horman’ lana izan da saritua. Iñaki Sanz Azkue da lanaren egilea, eta, epaimahaiak nabarmendu duenez, gai garrantzitsu bat landu du hernaniarrak bere artikuluan: klima aldaketa. Baina, gaiaz harago, zein ikuspegirekin landu duen azpimarragarria iruditu zaio epaimahaiari. Izan ere, klima aldaketari buruzko artikuluek hondamendi kutsua izaten dute askotan, eta honetan, aldiz, egileak «xumetik eta txikitik» heldu diola adierazi dute, eta «estilo argia eta atsegina» erabili duela. Artikulua GAUR8 astekarian argitaratu zen iazko uztailean.