Eguraldi oneko eta protestaz beteriko San Prudentzio, hauteskundeen atarian
Eguzkia lagun izan zuten Gasteizen San Prudentzio eguneko jaia ospatzeko. Euriaren arrastorik ez da izan aurten. Jendetza bildu zen erretretan eta danborradan, eta jendetza hurbildu zen, baita ere, Armentiako zelaietara: 170 postu jarri zituzten jendeak bertako produktuak eros zitzan. Protestak ere izan ziren, batez ere lan-arloari lotutakoak.

Beroa eta eguzkia nagusi ziren atzo Gasteizen, San Prudentzio egunean. Ohikoa denez, euriarekin heltzen da jaiegun hau, «Santu Pixontzia» ezizenaz ere ezaguna baita San Prudentzio. Eguraldian azkenaldian izaten ari diren aldaketek esamolde hori zaharkitua gelditu dela iradokitzen dute. Atzo, aterkien ordez, txapela eta eguzkitako betaurrekoak ziren nagusi.
Erretretaren doinuez hasi zen ostegun gauean jaieguna. Atzo, goizean goiz, bederatzietan, San Prudentzioren zortzikoa izan zen egitarauko lehen hitzordua, Udaleko eta Aldundiko agintarien parte-hartzearekin.
Gauean bezala, egunean zehar danbor hotsak Gasteizko Alde Zaharreko karriketan entzun ziren. Ostegunean, San Prudentziorena izan zen, 25 elkarte gastronomikoren parte-hartzearekin. Atzo eguerdian, berriz ere atera ziren danborrak eta txikienen txanda arratsaldeko seietan izan zen, Probintzia plazatik abiatuta.
Dena den, Armentiako ermita eta inguruko zelaietan izaten da festaren gune nagusia San Prudentzion. Eguzkia lagun zutela, jendetza bildu zen bertan egunaz gozatzeko asmoarekin.
Protestarako tartea ere izan zen Armentian. Hala, udal eta foru agintariek hainbat langileren kexak entzun behar izan zituzten; hala nola, lan baldintzen homologazioa eskatzen ari diren Arabako egoitza pribatuetako langileenak; Tuvisako beharginenak, autobus zaharkituak dituztelako; suhiltzaileenak, EPEaren auziagatik edota Indesako langileenak, lan hitzarmenagatik.
Hauteskundeetarako hilabete eskas falta dela kontuan hartuta, hautagaiek ere ez zuten zitan huts egin nahi izan eta Armentiako zelaietan izan ziren kolore guztietako politikariak.
FESTAK JARRAITZEN DU
Milaka lagun bildu zituen festa honetan ezin ziren guztientzako aproposak diren ekitaldiak falta. Hala, haurrentzako jolasak, herri kirolak eta lehiaketa gastronomikoak ere izan ziren, Era berean, bertako produktuak erosteko aukera ematen zuten 170 saltoki zeuden Armentian San Prudentzio egunean. Berbena arratsaldean izan zen, Berriztu taldearekin.
Jaiak jarraipena izango du datozen egunetan. Gaur Fanfarre Eguna izango da eta egun osoan zehar luzatuko dira kalejirak. Bihar perkusio topaketa egingo da Probintzia plazan, arratsaldean. Astelehenean Estibalitzera erromeria egingo dute fededunek, eta han ere postuak izango dira.

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

«Necesitamos la foto más completa posible de la tortura sistemática»
