Andrea IBARRA
BAIONA

Kazetaritzako diploma eskuratzeko aukera izanen da irailean Baiona

Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatearen, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuaren eskutik, «Kazetaritza euskaraz» diploma eskainiko dute Baionan datorren ikasturtetik aurrera. Bi urteko alternantzia bidez funtzionatuko du.

Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA) Baionan duen campusa.
Paue eta Aturrialdeko Unibertsitateak (UPPA) Baionan duen campusa. (Patxi BELTZAIZ)

Lehen aldiz, kazetaritzako diploma eskuratzeko aukera izanen da Baionan. Aurtengo irailean abiatuko da lehen promozioa, “Kazetaritza euskaraz-Journalisme en langue basque” unibertsitate diploma eskuratzeko xedez, ostegunean egitasmoaren partaideek eskaini prentsa aitzinekoan jakinarazi zutenez.

Bordele-Akitania Kazetaritza Institutu (IJBA), Afdas eta Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) arteko elkarlanetik abiaturik, Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatearekin (UPPA), Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) eta Bordele-Akitania Kazetaritza Institutuarekin (UBM) diploma gauzatzeko lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Aipatu hitzarmenak, bereziki, Ipar Euskal Herriko hedabideek gaur egun profesional euskaldunak atzemateko dituzten zailtasunekiko arranguran du jatorria. EEPk, «hedabideak hizkuntza baten hedapenean eragile estrategikoak» eta «euskarazko eduki mediatikoak euskararen sustapenerako ezinbestekoak» direlakoan, lurraldeko hedabideak biltzen dituen lantalde bat sortu zuen.

Lanketa horren bidez, euskararen presentziak emendatzen jarraitzen duen garai honetan, ondoko urteetarako kazetari euskaldunen behar handia dela ondorioztatu zuten. Behar horri erantzuteko heldu da Kazetaritzako unibertsitate diploma. «Kazetari euskaldunen belaunaldi berri bat formatzea, euskarazko kazetaritza lana sendotzea eta euskara eremu digitalean garatzea ahalbidetuko ditu», esan zuen Antton Curutcharry EEPko lehendakariak.

BI URTEKO ALTERNANTZIA

Bi urteko iraupena izanen du eta ikasleak alternantzian (dual eredua) arituko dira; hau da, bi astez unibertsitatean eta ondorengo sei asteetan zehar enpresan.

Ikasketa hauetan onartua izateko euskarazko B2 maila ukaitea beharrezkoa izanen da. Era berean, ikasgai guztiak euskaraz izanen direla zehaztu zuten, bi urtez 840 orenetan banatuak diren kurtsoetan, Baionan, Bilbon zein Bordelen. Formakuntza zikloak «ikasleei hiru eremuren inguruko ezagutza eta gaitasun hartzea segurtatuko die; hau da, euskara, kazetari lanbidea eta lurraldearen ezagutza», azaldu zuen erakundearen buruak. Hastapenean, promozio bakoitzeko, gutxienez, 10-15 ikasle hartzea aurreikusi dute.