Ohiturari jarraiki baina berrikuntzekin ospatuko da Nafarroaren Eguna Baigorrin
Nafarroako ibarren arteko harremanak sendotzea helburu izanik, besta handia ospatuko da beste urte batez. Gaur Nafarroaren Eguna iraganen da Baigorrin, eta egitarauan berrikuntzekin eta musika eskaintza «ausartagoarekin» dator besta.

Euskal kultura eta euskara biziaraztea ez ezik, Nafarroako ibarrekin -eta oro har Euskal Herri osoarekin- harremanak sendotzea xede izanik, gaur besta handia ospatuko da, beste urte batez, Baigorrin.
Tradizio handiko ospakizunak, Nafarroaren Egunak, bere egitura atxikiko du oro har, goizetik abiatuko den desfilearekin eta plaza nagusian iraganen den ekitaldiarekin, ikastolak antolaturiko herri bazkariari bide emateko.
Arratsaldean, plazako giroa azkartzeko, publiko ezberdinentzako eskaintza izanen da eta tartean, estreinakoz, herriko etxearen gibelean, bertso saioa antolatu dute. Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Aitor Etxeberriazarraga eta Maddalen Arzallus igoko dira taula gainera.
Horrez gain, eta biharamuna Maiatzaren Lehena dela kontuan harturik, gaueko musika eskaintza berritzea deliberatu dute Basaizeako kideek: Janus Lester, Willis Drummond, Dupla eta DJ Üzkülüz arituko dira. «Zaila da gauza berriak ekartzea besta zahar batean, baina entseatu gara musika estilo ausartagoak proposatzen, gazteak besta horri lotzeko» aitortu du Amaia Kastorenek.
DENONTZAT BESTA
«Nafarroaren Eguna denontzat leku segurua izatea nahi dugu». Maleruski eraso sexista batek Nafarroaren Egunaren iazko edizioa ilundu zuen.
Horrendako, gogoeta sakon bat ere eraman dute bestaren antolatzaileek eraso sexisten inguruan eta prebentzioaz gain, protokolo bat ere plantan ezarriko dute zerbait gertatuz gero.
«Nafarroaren Eguna denontzat leku segurua izatea nahi dugu. Eraso mota bat ere ez dugu onartuko. Izan eraso fisikoak edo moralak, behar diren baliabideak ezarriak izanen dira horien saihesteko eta zerbait gertatzen bada, berehalako neurriak hartuak izanen dira erasoei erantzuteko», adierazi dute antolatzaileek.
«Iaz gertatutakoa berriz ere salatu nahi dugu, eta ez dugu onartuko horrelako gertakari batek egun honen dirdira iluntzea», gaineratu dute.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
