Asier Ezeiza hernaniarra kartzelara itzuli da berriz, hamabi urtez preso egon ondoren
Jada hamabi urtez preso egon eta gero, Asier Ezeiza hemeretzi urteko beste zigor bat betetzeko espetxean sartu zen atzo. Hori salatzeko manifestazio jendetsua egin zuten Hernanin, eta 23.00etan Martuteneko kartzelan sartu behar izan zuen. 2020ko maiatzean aske utzi zuten.

Asier Ezeiza Xaxi hernaniarra kartzelara bueltatu zen atzo gauean, Auzitegi Nazionalak jarritako 19 urteko kondena betetzeko. Jada 12 urte espetxean igaro ondoren, eta zenbait gorabehera judizial tarteko, neurri hau heldu zen. Espetxeratzea salatzeko, Ezeizaren herrikideek mobilizazioa egin zuten 19.00etan, Hernaniko Gudarien Enparantzatik abiatuta. Martuteneko kartzelan 23.00etan sartu zen, 3. graduan daudenekin batera.
Polizia frantsesak 2008an atxilotu zuen Ezeiza, ETAko kidea izateagatik, eta Fresnesen, Tarasconen eta Mont de Marsanen bete zuen kondena, epaitua izateko Espainiara eramana izan aurretik. Estatu espainolean bi auzi abiaturik zeuden Ezeizaren kontra, baina horietako lehenean errugabe atera ondoren aske utzi zuten; 2020. urteko maiatzean gertatu zen hori, pandemiak gogorren jotzen zuen garaian. Benidorm eta Alacanteko hotelen aurkako erasoetan parte hartzea egotzi zioten auzi horretan. Hilabete batzuk geroago, ordea, Entzutegi Gorenak baliogabetu egin zuen Auzitegi Nazionalak emandako errugabetasun epaia.
Aurten, urtarrilean, 19 urteko kartzela zigorra ezarri zitzaion beste auzian. Juan Priede PSEko zinegotziaren hilketan parte hartu zuten ETAkideei laguntza eman izana leporatu zioten Asier Ezeizari. Hauxe da orain betearaziko dioten zigorra.
MENDEKU POLITIKOA
«Kartzelak husteko eta gatazkari aterabide politikoa eta demokratikoa aurkitzeko» konpromisoa berretsi zuen Sortuk, Asier Ezeizari babesa eta elkartasuna adierazteaz batera. Eta aldi berean gogoratu zuen egunotan bost urte bete berri direla ETAk bere burua desegin zuenetik. Hala eta guztiz, «Estatu espainiarrak mendeku politika erabiltzen jarraitzen du oraindik ere».

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
