EDITORIALA

Herri Urrats: auzolana eta elkartasun erauntsia

Ipar Euskal Herriko ikastoletako ikasle, irakasle, langile eta gurasoek egutegian gorriz inguratuta izan ohi dute maiatzeko astebururik kitzikagarriena; Herri Urrats ospatzen denekoa, hain zuzen. Eta aurten arkatz markatzaile lodiz, hitzorduak halaxe eskatzen zuelako. Berrogei urte egitea ez da nolanahiko gauza, eta testuinguruak ere berezia bihurtzen zuen aurtengo festa, Parisko Gobernuaren oztopoen aurrean herri-erantzun handia izateko xedea bazuena. Baina Senpereko aintziraren inguruan beste hamaika aintzira sortu dituen euriteak planak hankaz gora jarri eta erabat baldintzatu du gozagarria izan behar zuen eguna. Ikastolen jaitik etxera eguzkiak erreta itzultzea tokatu izan da zenbait urtetan, eta, berdin, ez da lehenengo aldia euri-jasak egitaraua zapuzten duena; udaberriaren ajeak dira . Baina zorte txarra ere bada, hainbeste denboran lehorteaz hitz egiten jardun ondoren.

Hala ere, euriak euri eta arazoak arazo, eta txalotzeko moduko aldartearekin, lagun asko Senperera hurbildu zen, festaz gozatzeko adinako gogoz etsitzeko asmorik ez dutela adierazteko. Baina esparru ekonomikoan galerak handiak izan dira, kolpe latza izan da Seaskarentzat eta herri-egitasmo horretan engaiatuta dauden lagun guztientzat. Horregatik, elkartasun mezuak etengabeak izan ziren atzo, eta elkartasun hori bideratzeko moduak martxan jarri dira berehala. Berez, Herri Urrats ospatzea auzolan ariketa erraldoia izaten da urtero, Euskal Herri osotik gerturatzen diren ehunka lagunek parte hartzea eskatzen duena. Aurten, halabeharrez, gurean hain errotuta dagoen jarrera hori biderkatzea tokatzen da.

Herri honek badaki ataka zailetan erantzun egokia ematen, eta, ezbairik gabe, jende mordoak erantzungo dio Ipar Euskal Herriko ikastolek eginiko laguntza eskaerari. Baina, bidez batez, azkenaldian hezkuntzaz hainbeste hitz egiten ari garela kontuan hartuta, Senperen jazotakoak balio lezake sektoreko eragileek eta Euskal Herri osoko indar politikoek euskal hezkuntzaren eta haren beharren eta erronken aurrean zer jarrera duten erakusteko. Inork ezin du ukatu Seaskak euskarazko irakaskuntzan jokatzen duen berebiziko papera, eta ulergaitza izango litzateke hari babesa adierazteko unean inork beste aldera begiratzea.