Eli PAGOLA
Entrevue
ALAIN ULAZIA
EHUko irakaslea eta EOLO ikerketa taldeko kidea

«Itsas energiak esperimentalki, fisikoki eta matematikoki problema onak dira»

Lur planetaren gainazalaren %70 inguru itsaso eta ozeanoz osatuta dago. Baliabide mordoaren jatorri dira, aldea egon badagoen arren baliabide ozeano edo baliabide iturri gisa erabili. Energiaren ikuspegitik heldu diogu gaiari Alain Ulazia Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta EOLO ikerketa taldeko kidearekin.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Alain Ulazia EHUko irakaslea eta EOLO ikerketa taldeko kidea NAIZ irratiko “Gelditu Makinak” saioan izan da itsas energien inguruan hitz egiten, ikerketak zertan diren azaltzen eta teknologiaren nondik norakoak aletzen, hori guztia euskal kostaldeko zenbait adibiderekin lagunduta.

Itsas energien sailkapenik ba al dago?

Bai, badago oinarrizko sailkapen bat. Marea energia dago, antzinatik erabili izan dena eta, baita olatu energia ere, energia natural handi bat dela jakinik, ikerketan oso sartuta eta landu nahian dabilena. Hala ere, oraindik gailu teknologiko batek ez du konbergitu komertzializazio indar nahiko batekin. Horiez gain, gaur egun, itsas energiatzat ere hartzen da itsas haizea aprobetxatzen duten erroten kasua, batez ere flotagarriena.

Bestalde, badago beste kontzeptu bat: gradientea. Hau da, itsasoko gazitasun edo tenperatura diferentziak aprobetxatuz osatu daitezkeen zirkulazioetatik energia erauztea.

Teknologikoki zertan bereizten dira kostaldeko eta ozeanoetako gailuak?

Itsas haize errotez hitz egiten dugunean, finkoak direnak ia lurrekoak bezalakoak dira eta kostan jarri daitezkeela kontsideratzen da, baldin eta sakonera 30 metrotik beherakoa bada. Euskal kostaldean sakonera berehala handitzen da eta errotak finkatzeko lekurik apenas daukagu; kostatik gertuegi ipini beharko genituzke. Baltikoan, ordea, ia 100 km dituzte oso sakonera gutxirekin, alegia, kilometro koadro ugari dituzte itsas haizea instalazio finkoekin aprobetxatzeko. Sakonera handituta, instalazio flotagarriak jarri behar direnean, maximo teoriko bezala kontsideratzen da muga 1.000 metrotan dagoela, errota hori ezin baita naufragatzen utzi, ainguratu egin behar da. Eta, jakina, itsasoan ere, zenbat eta urrunago energia gehiago. Baina mantentze kostuak ere handitzen dira.

Zein dira instalazio horien baldintza optimoak? Zein ezaugarri hobesten dira?

Olatu bihurgailuentzat aplikatu izan diren fisika edo modelo matematiko guztiak etorri dira itsasontzien flotagarritasunaren dinamikatik eta oreka edo egonkortasuna bilatzen duten ekuazioetatik. Baina, modelo matematiko hauetan, olatu bihurgailuen kasuan behar dena da erresonantzian sartzea, alegia, olatuak ahalik eta desoreka handiena sortzea gailu horretan elementuak oszilazio handiak egin ditzan eta energia asko sor dezan gora-behera mugimenduan. Orduan, fisikoki egituratzen denean horrelako bihurgailu bat, komeni dena da bere funtzionamendu puntua ondo sinkronizatuta egotea olatuen periodoarekin. Puntu klabeetako bat da hori olatu bihurgailuen modelizazioan.

Bestalde, badago beste baldintza garrantzitsu bat gaur egun ikusten diren potentzia matrizeetan (zenbat energia sortuko duen gailu batek olatu periodo eta altuera jakin batzuetan): “cut off” edo mozketa normala 5 metrotan izaten da, hau da, 5 metrotik gorako olatuak etorriko balira, gailua, segurtasunagatik, geratu egin behar da. Hori oso inportantea da, zeren, leku batean energia ikaragarri badago eta olatu oso handiak badaude, jendeak uste du energia hori xurgatuz gero sekulako pagotxa edukiko genukeela. Baina gaur egungo gailuak 5-6 metrotan funtzionaraztea arriskutsua da. Analogia berdina dago haize errotetan, 25 m/s-tik gora kontsideratzen da, segurtasunagatik, errotak geratu egin behar direla. Hau da, ebento energetikoenetan, horren bortitzak direnez, eta aldakortasun hain handikoak, ezin dugu energia hori xurgatu.

Itsas energia instalazioak ez dira hain ohikoak. Badute eragozpen edo erronkarik sisteman txertatzeko?

Inon gutxi garatuta daude itsas energiak, baina, mundu guztian, esperimentalki, matematikoki eta fisikoki, asmatzaileentzat problema oso onak izan dira. Patenteen sekulako zoologia dago, baina, olatu energiari dagokionez, ez dira komertzializatu. Hala ere, Europako etorkizuneko mix energetikoan %10 inguru beteko dutela espero da.

Euskal Herrian produkzio itsastar bat edukitzeko zailtasun handiena sakonera da. Hain sakona da itsas amildegi hori (5.000 metrotara jausten dena), non ainguratzea ere kostatik oso hurbil egin beharko bailitzateke. Horregatik, itsas haizea da, batez ere, etorriko den teknologia nagusia. Europan, jada, ari dira ugaritzen sorgailu flotanteak, eta Europako plan energetikoetan estatuak hobesten ari dira Galizia edo Katalunia bezalako lekuak, betiere ikuspegi integral edo makro baten barruan.

Kontuak horrela, Euskal Herrian handicap-ak hor daude, baina aurrerapenak ere badaude. Adibidez, munduan erreferentzia da Mutrikuko planta, olatuen energia aprobetxatzen duten itsas turbinak esperimentalki ikertzeko, in situ eta benetako tamainan.

Euskal Herrian, itsas energia sorkuntza praktikoei dagokionez, zein aukera daude?

Kontsumo lokalago baterako itsas haizea aprobetxatzeko markatu den eremua txikia da. Galizia-haizea da hemengo haize nagusia, horregatik, zenbat eta Galizia alderago egon orduan eta handiagoa da potentziala. Esaterako, Matxitxakok egiten duen itzalean, eremu aprobetxagarri bat markatu dute Estatu espainoletik, baina oso txikia da Mediterraneoan Tramontana haizea aprobetxatzeko edo Galiziako sakonera gutxia aprobetxatzeko proposatutako eremuekin konparatuta.

Gure independentzia energetikoari begira, nik hobetsiko nituzke, dudarik gabe, fotovoltaiko komunitarioa gune degradatuetan eta teilatuetan, eta lurreko eolikoak. EAEn lurrean dauzkagun parke eolikoak gutxi dira. Eta Nafarroak ikaragarrizko potentzial eolikoa duela jakinda, orain dauden parke eoliko zaharrak berriztuz gero, potentzial handia lortuko litzateke eolikotik. Uste dut teknologia horiek hobetsi behar direla, itsasora joan aurretik.

Itsasora itzuliz, itsas maila gorantz doan ebidentziak daude. Horrek nola eragin dezake energiaren ekoizpenean?

EOLO ikerketa taldean nahiko interdiziplinarrak gara -fisikariak, matematikariak, ingeniariak…-, eta gure taldea ezaugarritzen duen gauzetako bat da aldaketa klimatikoa eta energia berriztagarrien produkzioaren arteko lotura hori egiten dugula; hau da, prebisioak 24 ordura egin ordez, guk epe luzeko iragarpenak egiten ditugu, aldaketa klimatikoaren eszenatoki desberdinak kontuan hartuta.

CO2 isurketen arabera aurreikusten diren eszenatoki horietan egiten diren proiekzioetan oso garrantzitsua da ohartzea itsasoan olatuak gero eta handiagoak izango direla eta, ez hori bakarrik, olatu handiak gertatzeko probabilitatea ere handiagoa izango dela. Horrek, segurtasun aldetik, itsas energien inplementaziorako koste eta arrisku askoz ere handiagoak dakartza. Hori, ordea, ez da orokorra. Badaude leku batzuk aldaketa klimatikoagatik ikusten ari garenak energetikoagoak izango direla olatuei eta haizeari dagokionez, baina, intuitiboki, beste leku batzuetan kontrako joera ikusi dugu.

Iragana aztertuta, 70eko hamarkadatik aurrera, olatuen altueraren eta muturreko olatuen probabilitatearen goranzko joera oso nabarmena izan da arku Atlantikoa deitzen den horretan. Baina inflexio puntu bat dagoela dirudi, baita eszenatoki makurrenetan ere, ematen baitu natura saturazio puntura heltzen dela.

Kostatik zenbaterainoko distantzian dauden sorgailuak izan daitezke horiek? Zeren, kostatik aldendu ahala, baldintza errentagarriagoak daude, baina irisgarritasun eta sare integrazio eskasagoa dute.

Adibidez, Suediak, Alemaniak eta Dinamarkak uharte bat egin dute operazio eta mantenu guztiak irla zentral horretatik kudeatzeko. Lehen esan bezala, sakonera txikiagoak dauzkate. Distantziari buruz, azkeneko ministerio-planetan 10 km-ri buruz hitz egiten zen. Egon dira Europako lege batzuk kosta babesagatik ezin zena instalatu; baina orain, energia premiarengatik, malgutu egingo direla dirudi. Distantziaren zailtasuna gainditzeko, irlen soluzioaz gain, badaude beste ideia batzuk; adibidez, Naonedeko ikertzaile batzuk defendatzen dutena da far offshore; hau da, urruti joatea.

Urruti joan eta, petrolioa eramaten duten bezalako barku handiekin, Atlantikoan hidrogenoa sortu (itsasoko ura elektrolizatu, haize errota handi batzuekin). Han ikaragarrizko energia dago, berez; depresioak eta antizikloiak sortzen diren ozeanoko zentro hori oso energetikoa da, eta horrela planteatzen dute fuel berdea porturatzea, haizetik sortutako erregaia. Horrelako eztabaida asko daude, eta teknoekonomikoki bideragarriak direla defendatzen diren ideia asko.

Are gehiago, itsasertzetik hurbil, Txile hegoaldean, haize antartikoak daude Magallanesko bitarte horretatik pasatzen direnak. Munduko haize potentzial handienetakoa dago, baina han ez da inor bizi eta ez da ezer instalatu. Bada, esaten ari dira, ura elektrolizatuz gero, erregai sintetikoa eskuratzeko moduan daudela, eta jada martxan daude proiektu pilotoak. Orduan, urruti joate hori asko erlatibizatu daiteke datozen hamarkadetan.