GARA
ESKUBALOIA

Julen Aginagalderen 13 zenbakia erretiratu egingo du Bidasoak

Julen Aginagalde, aurtengo partida batean.
Julen Aginagalde, aurtengo partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Julen Aginagaldek aro bat markatu du Bidasoa Irunen, eta, bere kirol ibilbidearen aitortza gisa, klubak erabaki du “13” zenbakia Artalekuko horman zintzilikatuta gera dadin betiko. Klubaren hitzetan, «euskal kirolari batek Euskal Herrian, Gipuzkoan eta Irunen izan duen ibilbide arrakastatsuenetariko baten aitortza gisa».

“13” zenbakia erretiratzeaz gain, klubak aste honetan aurkeztu zuen Aginagalderen azken partidarako kamiseta berezia ere.

Pibot irundarrak larunbat honetan jokatuko du azken partida Bidasoako jokalari bezala, Puente Genilen aurka, 18.30ean. Klubak aditzera eman duenez, partida bukatutakoan denboraldi amaierako ohiko ekitaldia egingo da, eskerrak emateko lehen taldeari, babesleei eta laguntzaile guztiei, eta zaleei zein klubeko kideei.

Taldean jarraituko ez duten bost jokalariei agur esateko tartea ere izango dute zaleek. Aginagaldez gainera, ez baitute segituko taldean Ander Ugartek -erretiroa hartuko du-, Jon Azkuek, Victor Rodriguezek eta Mihajlo Miticek.

Aginagaldek bere kirol ibilbidea Bidasoa Irunen hasi eta bukatuko du. Lehen taldearekin 1999. urtean debuta egin zuen eta aurten amaituko du ibilbidea. Tartean beste zenbait klubetan aritu da: Ademar Leon (2006tik 2009ra), Ciudad Real (2009tik 2011ra), Atletico Madrid (2011tik 2013ra) eta KS Kielce poloniarra (2013tik 2020ra).

Taldeka eta selekzioarekin lorturiko lorpenez gain, besteak beste, 2012an munduko jokalari onenen artean hirugarrena izan zen eta 2012ko Olinpiar Jokoetan ere pibote onena izendatua izan zen, baita Munduko Txapelketan eta Europakoan ere.

BETI ONAK: TALDE ERABERRITUA

Bestalde, bost egun besterik ez dira pasatu Beti Onak taldeak azken partidan salbazioa lortu zuenetik, eta klubak datorren denboraldiari begira lan guztiak egin dituela esan liteke. Izan ere, atzo ezagutzera eman zuenez, Natalia Montilla, Mari de Uriarte, Lyndie Tchaptchet eta Kassia Cesar jokalariek ez dute talde nafarrean jarraituko.

Hala ere, aipatu behar da gainerako jokalariek kontratua berritu dutela eta, joango diren jokalarien ordez, beste sei fitxaketa egin dituela Atarrabiako klubak: Kelly Nnonzie Fonkeng, Isabel Fernandez-Agusti, Nerea Canas, Almudena Gutierrez Mora, Gabriela Romero Moraes eta Maria Grasielly Brasil Pereira.