GARA
GASTEIZ

Jupiterren esplorazioa, Euskal Herriko enpresen ekarpenarekin

Jupiter eta bere izoztutako ilargiak esploratuko dituen Juice satelitea espazioan zehar bidaiatzen ari da apirilaz geroztik. Sener Aeroespacial eta Goimek euskal enpresek proiektuan parte hartu dute; Lurrarekin komunikatzeko antena baten eta masta baten fabrikazioan, besteak beste.

Marc Souto, Goimek-eko zuzendari komertziala, eta Iñaki Pinto, Sener-eko sistema-elektromekanikoen zuzendaria.
Marc Souto, Goimek-eko zuzendari komertziala, eta Iñaki Pinto, Sener-eko sistema-elektromekanikoen zuzendaria. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Europako Espazio Agentziak (SEA) satelite bat bidali du Jupiterrera, planeta bera eta bere hiru ilargi aztertzeko. Horretarako, bi euskal enpresarengana jo du, Sener Aeroespacial eta Goimek-engana, antena bat eta masta bat egiteko.

Joan den ekainaren 7an Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak hamaseigarren Batzar Nagusia egin zuen Miñaoko parke teknologikoan. Innobasqueren jarduerak duen eragina aztertu zen han, enpresa txiki eta ertainei berrikuntza-prozesuetan aholkuak ematen dizkien agentzia den aldetik.

Euren lorpenez mintzatzean, Juice misioaz (Jupiter Icy Moons Explorer) aritu ziren, Sener Aeroespacial eta Goimek enpresek egindako lana nabarmenduz.

Satelitea eraikitzeko, Goimek doitasun handiko mekanizazio enpresa eta Sener Aeroespacial ingeniaritza enpresa elkarlanean aritu dira Juice ontziak daraman irabazi ertaineko antena fabrikatzeko (MGAMA, ingelesezko sigletan; Medium Gain Antenna Main Assembly).

Antena horrek, bi ardatzetan orientagarria denak, X eta Ka bandetan lan egiten du, bai ontziaren eta Lurraren arteko noranzko biko komunikazioa lortzeko, bai zundak daraman irrati-maiztasuneko esperimentuaren funtzionamendua bermatzeko.

Zehazki, Goimekek isolatzaile nagusia egin du. 0,7 mm-ko lodiera eta 500 mm-ko diametroa duen titaniozko pieza bat da eta oso doitasun handiko perdoi geometrikoak ditu, bai eta sistemak behar bezala funtzionatzeko behar diren elementu osagarriak ere: struts indargetzaileak eta subreflektorea.

Goimekek zehaztu duenez, piezak fabrikatzean, kostuak aurrezteaz gain, horien geometria eta mekanismoen funtzionamendua zaindu dira, bai eta Jupiterren ilargien muturreko baldintzak jasateko zorrotzak eta iraunkorrak diren materialak erabili ere.

Senerrek masta zabalgarri bat fabrikatu du, ESAk inoiz erabili duen handiena, esperimentu zientifikoetarako behar diren tresnetatik bost ontziaren interferentzia magnetikoetatik urruntzea helburu duena.

Gainera, egoitza nagusia Getxon duen enpresa honek bereizmen ertain-handiko Janus kamera -planetaren atmosferako irudiak hartuko dituena- eta Gala laser altimetroa -datu topografikoetatik abiatuta sateliteen izotzaren tektonika, zorupearen egitura eta gainazalaren zimurtasuna eta albedoa eskala txikian ulertzeko aukera emango duena- egin ditu.

Iñaki Pinto Sener Aeroespacialeko Antolakuntza zuzendariak GARAri azaldu dionez, hau ez da bere enpresak mota honetako proiektu batean lan egiten duen lehenengo aldia. «Misio hauek lau urtean behin egiten dira eta normalean parte hartzen dugu».

Hala ere, oraingoan parte-hartze handia izan dute, lau talde kritiko bideratu baitituzte Juice misiora. Partaidetza «arrakastatsua» izan dela nabarmendu du zuzendariak eta orain arte «orbitan dena ondo joan» dela.

OZEANOEN BILA

Zortzi urte iraungo duen Europako Espazio Agentziaren eta NASAren proiektu hau apirilaren 14an abiatu zen, esploratzailea Guyana Frantsesean dagoen Europako Espazio Portutik atera zenean Ariane 5 suziri baten barruan.

Beraz, 2031. urtera arte Juicek espazioan zehar bidaiatuko du, Jupiterren sisteman maniobra sorta konplexu bat hasi aurretik. ESAk ohartarazi duenez, baina, Jupiterretik gertu dagoen erradiazioak espazio-ontziaren garun elektronikoa kiskal dezake eta, planetaren pultsu grabitatorioa hain handia denez, desbideratu egin daiteke.

Dirudienez, Europak eta Ganimedek Lurreko ozeanoek baino ur gehiago eduki lezaketen lurrazpiko ozeanoak dituzte. Juicek ilargi hauek esploratuko ditu kosmosean zehar ingurumen ezberdinetan sor litekeen bizitza aztertze aldera. Horretaz gain, Jupiterreko eguraldia, kimika eta klima aztertuko ditu. ESAk azaldutakoaren arabera, «Jupiter erreferentzia estandar bat izango da gasezko beste planeta erraldoiekin konparatzeko orduan».