NAIZ IRRATIA
DONOSTIA

«Udako Ikastaroek eboluzio bat izan dute, hausnarketa guneak eskaini nahi ditugu»

Ekainaren 12tik uztailaren 12ra hamazazpi jardunaldi gauzatuko ditu Udako Euskal Unibertsitateak. Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak azaldu du «buelta bat» eman diotela 51. edizioari eta «batez ere, gogoeta eta hausnarketa guneak» eskainiko dituztela.

Aitor Bengoetxea eta Irati Iciar, 51. edizioaren aurkezpenean, Iruñean.
Aitor Bengoetxea eta Irati Iciar, 51. edizioaren aurkezpenean, Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Iaz urteurren borobila izan zuten Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolatzen dituen Udako Ikastaroek. 50. edizioa izaki, urte osora zabaldu zituzten jarduerak. Aurten, 51. edizioan eskaini nahi zutenaren inguruan hausnartu dute eta Irati Iciar Udako Ikastaroen arduradunak eman zuen horren berri NAIZ Irratian: «Buelta bat eman diogu, eboluzio bat izan dute, eskaini nahi duguna, batez ere, gogoeta eta hausnarketa guneak dira».

Formakuntza «urte osoan zehar lantzeko» asmoa dute eta udan hausnarketari tartea zabaltzea da helburua. Ikerketa, hizkuntza, generoa, adimen artifiziala... askotariko gaiak landuko dituzte, «batez ere, sozialak», Iciarren hitzetan, eta beste eragile batzuekin elkarlanean, gainera.

Irati Iciarrek azaldu zuenez, presentzialtasuna izango da ardatz aurtengo edizioan; pandemiak eragindako onlinerako joeraren aurrean, UEUk «oso argi» dauka bere udako eskaintza aurrez aurrekoa izan behar dela, urtean zehar aukera baitago ikastaroak online egiteko.

Gainera, Iciarrek garrantzitsu deritzo Euskal Herriko ikuspegi nazionalerako topaketa hauek aurrez aurrekoak izatea. «Komunitate txikia gara eta elkarrekintza eta gertutasuna inportanteak dira, eta aurrez aurre egitea indargune bat da», argudiatu zuen.

Aitor Bengoetxea UEUko zuzendaria ere izan zen NAIZ Irratiaren uhinetan. Udako Euskal Unibertsitateak dituen erronkez galdetuta, beraien helburua «herritarrak ikerketara erakartzen saiatzea» dela esan zuen. Horrekin bat dator, hain zuzen, aurtengo edizioaren hasiera-ekitaldiaren ardatz eta izena, “Herritarrak ikerketan inplikatzen”; ekainaren 14an egingo da Bilboko Bolsa eraikinean. Halaber, UEU «unibertsitate herritar bezala» sortu zela eta iaz Lakuako Gobernuak ikerketa agente gisa formalki onartu zuela nabarmendu zuen. Funtsean, handitzeko lanean ari omen dira.

Bestalde, Euskal Herriko beste unibertsitateekin duten aliantzaz eta elkarlanaz aritu zen Bengoetxea. Maiatzean izandako IkerGazte Ikertzaile Euskaldunen Kongresuan Euskal Herriko unibertsitate guztiak babesle izan direla jakinarazi zuen zuzendariak. «Oso pozik gaude babesarekin; aurten plenoa lortu dugu eta Euskal Herriko zazpi unibertsitateek kongresua babestu dute», balioetsi zuen.

HIZKUNTZAN «GABEZIA NABARMENAK»

IkerGazte kongresuaren leitmotiva ikerkuntza euskaraz egin daitekeela da, eta ikertzaile gazte euskaldunen topagune izatea du helburu. Hala ere, Bengoetxearen ustetan, Euskal Herriko unibertsitate guztietan «gabezia nabarmenak» daude, euskaraz ikasteko aukerei dagokienez. Azaldu zuenez, EHU da euskara gehien inplementatu duena, baina bereziki graduetan antzeman daiteke hori, masterrak eta maila altuagoko ikasketak euskaraz burutzeko eskaintza «izugarri» jaisten delako, ia «salbuespenekoa» izateraino.

Horren aurrean, UEU «eragiten» eta unibertsitatearen eta euskararen artean «zubiak eraikitzen» ahalegintzen dela azpimarratu zuen zuzendariak. Adibide gisa, EHUrekin elkarlanean sortutako ekimena aipatu zuen, doktoregaiei euskarazko ikastaroak emateko.

Irati Iciarrek ere euskararen garrantzia nabarmendu zuen. IkerGazte kongresuan nahiz Udako Euskal Unibertsitateko jardunaldietan ikertzaile euskaldunak biltzea eta komunitatea sortzea dela xedea azaldu zuen ikastaroen arduradunak. Esate baterako, osasun zientzietako ikasleek beraien Gradu Amaierako Lanak partekatzeko elkartzen dira, egindako lanari ikusgarritasuna ematearren eta, bide batez, komunitate euskalduna sortzeko.

Horregatik beragatik, eta parte-hartzaile guztiek hitza hartzeko aukera izan dezaten, aurtengo edizioko jardunaldietan eta topaketetan taldeak 50 eta 60 pertsona ingurukoak izango dira. Izena emateko tartea irekita dagoela gogorarazi du Iciarrek; UEUren webgunean egin daiteke, eta bertan agertzen den eskaintza kontsultatzera dei egin zuen.

UEUren webgunean aurkituko du interesa duenak aurtengo edizioaren gaineko informazio guztia.