Baxoa euskaraz egitea aldarrikatu dute Filosofia proba egin ondoren
Ikasketa-ibilbide osoa euskaraz egin arren, baxo azterketako Filosofia proba frantsesez idatzi behar izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko ikasleek. Horren bukaeran, Azterketak Euskaraz kolektiboaren eskutik elkarretaratzea egin zuten Baionako lizeoan.

Baxo probako Filosofia azterketa frantsesez egin behar izan zuten atzo Ipar Euskal Herriko ikasleek eta ondoren azterketok euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten Baionan. Ama-eskola eta ikastolako urteak amaituta, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako ikasleak kolegioan sartzen dira. Bertan lau ikasturte egiten dituzte eta kolegioari agur esan aitzin «ezagutza maila neurtzea» xede duen brebeta azterketa pasatu behar dute.
Brebeta azterketa hori euskaraz idatzi ahalko dute berriz ere Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko ikasleek. Brebeta kari, ikasleek zientzian, matematikan, frantsesean eta historia-geografian dituzten ezagupen orokorrak erakutsi behar dituzte. Ekainaren 26 eta 27an eginen den brebeta osorik euskaraz idatzi ahalko dute Seaskak dituen lau kolegioetako gazteek.
Hala jakinarazi zien martxoan Hezkuntza Ministerioak Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) arduradunei. Erabaki horri esker, ikasturtearen azken txanpan bada ere, brebetaren auzia bideratzea lortu zuen Seaskak; ez, ordea, baxo azterketaren inguruko aldarrikapena. Izan ere, lizeoko azken urtean egiten den baxoa (Hego Euskal Herriko USE unibertsitatean sartzeko ebaluazioaren antzeko proba) osorik frantsesez idatzi beharko dute aurten ere beren ikasketak euskaraz burutzen dituzten ikasleek.
Martxoan egin zituzten berezitasunei dagozkien azterketak frantsesez egin zituzten. Beste hainbeste gertatu zen atzo Filosofiako proban. Gaitegia euskaraz ikasi arren, material hori frantsesera itzuli eta gero bigarren hizkuntza horretan idatzi behar izan zuten 120 ikasleek.
Seaskak agiria plazaratu zuen asteartean, egoera horri buruz iritzia emateko, eta baxoa euskaraz pasatzeko eskubidea aldarrikatu zuten behin azterketa bururatuta ikasleek berek ere. «Hezkuntza Ministerioaren zentsura eta mespretxua» salatu zuten.
MINISTERIOAREN ZIRKULARRARI SO EGIN GABE
Seaskak oroitarazi zuenez, Hezkuntza Kode frantsesak azterketak idazteko orduan euskara erabiltzea aurreikusten du L121-3 artikuluaren bidez. Ildo beretik, Hezkuntza Ministerioak 2021eko abenduaren 16an plazaratu zuen zirkularrak baxoko zenbait proba euskaraz aurkezteko aukera ere jasotzen du.
Hala eta guztiz ere, Hezkuntza ministro frantsesak, Pap Ndiayek, «ez ikusiarena» egin duela deitoratu zuen Seaskak, eskaerei erantzun gabe. «Parisek gure hizkuntza- eta hezkuntza-eskubideak zapaltzen ditu eta gazteak zentsuratzen ditu», salatu zuen.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
