GARA
BAIONA

Txingorrak eginiko kalteak estaltzeko desmartxak abian Euskal Herrian

Eurite eta kazkabar zaparrada anitz izan dira azken egunetan Euskal Herrian. Han-hemenka zerutik eroritako izotz koskorrek kalte ugari eragin dituzte, hala nola Ezpeletako piperraren uzta zeharo hondatuz. Lapurdiko herriak egin bezala, hondamendi-eremu aitortzeko xedez Gipuzkoan desmartxak abiatu ditu Zumaiako Udalak ere.

Ezpeletako piperraren dozenaka ekoizlek eta baratzezain anitzek uzta galdu dute.
Ezpeletako piperraren dozenaka ekoizlek eta baratzezain anitzek uzta galdu dute. (Guillaume FAUVEAU)

Azken egunetan Euskal Herriko hainbat eskualde astindu dituzte ekaitzek eta tokian-tokian kalte ugari eragin dituzte. Euriteek eta batez ere txingor-zaparradek desmasia handiak egin dituzte, bereziki landa eremuetan, bai Ipar Euskal Herrian bai Nafarroan.

Bezperako erasoaldia gainditzeko denborarik izan gabe, alerta horia piztu zuen atzo arratsaldean Pirinio Atlantikoetako Prefeturak. Zeruaren mehatxupean, Musika Egunaren kariaz hiru lurraldetan antolaturiko hainbat kontzertu bertan behera utzi behar izan zituzten antolatzaileek edo, kasurik onenean, estalitako eremuetara lekualdatu. Esaterako, Donibane Lohizunen uda aroari ongietorria emateko plazan antolaturiko egitaraua Merkatura eraman zuten.

Izan ere, kalteei buruzko behin-behineko balorazioa egiteko izan zen gehienbat atzoko eguna; batik bat, nekazarientzat. Bost eta zazpi zentimetro arteko diametroko babazuza harriak erori ziren asteartean Lapurdin, Uztaritze, Itsasu, Ezpeleta eta Hazparneko inguruetan. Nafarroan, «ping-pong pilota baten tamainako» txingor koskorrek zuritu zuten Etxalar.

Ezpeletako piperra landatzen den eskualdean ondorio bereziki latzak izan dira. Mizel Hiribarren Itsasuko auzapezak atzo azaldu zuenez, «piper landaketek ezin izan dute erauntsia jasan, baina ondorioak baratze eta lorategi guzietan nabarmendu dira».

Itsasuko Massonde likore ekoizleek ere beren galeren irudiak zabaldu zituzten sare sozialen bitartez. Aranak, basaranak, sagar tipiak... ufada batez galduak. «Babazuza erauntsi ikaragarri batek urteko uztak hondatu ditu. Fruitu guztiak lurrean daude», deitoratu zuen enpresak.

Biharko Lurraren Elkarteak (BLE), bestalde, lur sailak garbitzeko auzolana antolatuko duela iragarri zuen eta diru-bilketa bat abiarazteko asmoa ere badu, dohaintzak biltzeko.

Ezpeletako Herriko Etxeak, bestalde, hondamen-eremu deklaratzea eskatuko du. Gipuzkoan, berriz, Zumaiako Udalak desmartxa bera abiatuko du eraikinetako teilatuetan zein autoetan txingor kolpeek eragindako kaltea «guztiz orokorra delako».