GARA
DONOSTIA
Entrevue
Garikoitz Nazabal
EHNEko Gipuzkoako idazkari nagusia

«Diskurtso ofiziala oso arina da, egoera dirudiena baino gordinagoa da»

Behi-aziendaren gaixotasun hemorragikoa zabaldu da Gipuzkoan. EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusi Garikoitz Nazabalek egoera larria dela uste du eta birusaren transmisioa eta gaitzaren ondorioak uste baino larriagoak izaten ari direla ohartarazi du NAIZ Irratian.

(Gotzon ARANBURU | FOKU)

Gipuzkoan behi-aziendaren gaixotasun hemorragikoa zabaldu dela eta, egoeraren berri eman du Garikoitz Nazabalek, EHNE sindikatuko Gipuzkoako idazkari nagusiak, NAIZ Irratian. Egoera larria dela uste du eta ondorio latzak ekarriko dituela.

Nola iritsi da behi-aziendaren gaixotasun hemorragikoa Gipuzkoara? Eta zer gertatzen zaio behiari?

Beste gaitz batzuekin gertatzen den moduan, honakoa ez da animalia batetik bestera kutsatzen den gaitza. Transmisore lana moskitoek egiten dute.

Klima larrialdiaren ondorioz iritsi dela diote batzuek, baina atzerrian ezaguna zen gaitza. Mundu globalizatu honetan dugun pertsona, animalia eta merkantzia mugimendua ikaragarria da; beraz, moskitoen zabalkunde hori erraza suertatzen da.

Gipuzkoan datu ofizialek diote 100 eta 120 kasu inguru daudela, baina jakin badakigu dezente gehiago direla. Harrituta gaude, Ministerio espainoletik eta zenbait gobernutatik diskurtsoak oso arinak direla iruditzen zaigu, egoera leku askotan ematen duena baino gordinagoa delako.

%10 ingururi soilik eragiten diola, hilkortasun tasa txikia dela, sintomak garatzen dituztenak gutxi direla... esaten ari da, baina ezagutu ditugu kasuak non animaliak oso kaltetuak dauden. Animaliei sintomak aho aldetik agertzen hasten zaizkie: zauriak agertzen zaizkie, sudur-mintzetan mukiak sortzen dira eta animaliek jateari eta edateari uzten diote. Deshidratatzen hasten dira, eta beroarekin, kolapsatu egiten dira.

Behi bat gaixotu eta hil egiten bada, zenbateko kostua izaten du abeltzainarentzat?

Animalien haragitako balioa, esaterako, adinaren arabera eta animalia espeziearen arabera aldatzen da. Hori kontuan izanda, galera 1.500 eta 3.000 euro artekoa izan daiteke. Kontuan hartu behar dugu batzuk hil ez, baina oso egoera kaskarrean gelditzen direla, pisurik gabe. Animalia horrek biziraun bai, baina buelta ematerako... Hitz handiak dira eta kuantifikatzen zaila da.

Sektorearen egoera aurrez oso konplikatua bazen, orain larriagoa da. Lainotan harrapatu gaituen sentsazioa dut. Gertutik bizi dutenak larrituak daude, baina beste batzuk lasaiago. Kontuz ibili behar gara. Kontua serioa da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak diru-partida bat ezarriko du behien tratamendua %100 finantzatzeko. Beste iturri batzuek diote ez dagoela tratamendurik. Zein da afera?

Esan moduan, gaitza birikoa da eta animaliek antigorputzak sortu behar dituzte. Gaitzaren kontra tratamendurik ez dago. Farmazeutikaren bati zenbakiek eman arte txerto prebentiborik ez da egongo; askotan, gainera, txertoa gaitza baino okerragoa da.

Kontua gaitzaren ondorioz sortzen diren beste arazoak dira: ahoko zauriak, batik bat. Antiinflamatorioak eman behar zaizkio animaliari edaten eta jaten jarrai dezan. Bigarren mailako infekzioak sortzen dira askotan ere, defentsa baxuen ondorioz eta, orduan, antibiotikoak ematen zaizkie.

Tratamenduen ordainketaren harira, ikusi beharko dugu zein den praktika. Gurekin adostu gabekoa izan da eta, gainera, bertan esan genien bezala, gaitza beste herrialde batzuetara hedatzen ari da. Iruditzen zaigu kalte-ordainetan jarri beharko genukeela arreta. Behi bakoitzeko gehienez 20 euroko balioa estimatu dute; hala jakin dugu albaitarien bitartez. Kontuan hartuta albaitariaren bisita 40 euro direla eta animaliaren balioa bera, ez du askorako balioko. Horrez gain, kontuan hartu behar da irailaren 23an jarriko dela martxan neurria, eta aurretik kaltetutako abeltzainak kanpoan geldituko dira. Ez dugu ulertzen zergatik ezin den retroaktibitatea aplikatu.

Agian horren atzeko logika ahalik eta kopuru txikienak kontabilizatzea izango da. Guk ikusi dugu zein gainezka eginda dauden zenbait ardura egotzi zaizkien albaitari asko. Krisi-mahaia deitu zaio; beraz, maila bereko neurriak hartu beharko dira.

Lehen bilera izan da. Ikusi beharko dugu zein den garapena. EHNEtik argi dugu norabidea denei laguntzea izan behar dela. Izan ere, administrazioaren begietan badirudi zalantzarik badago, beti delinkuenteak garela.

Behiak afizioz dituzten pertsonen kasuan ere tratamendua finantzatuko da?

Kasu honetan bai, hala izango da, bertatik bizi dena bertatik bizi delako, baina jende asko dago dozena bat behi dituena, bi hil zaizkio eta besteak sintomak dituztenak eta dena bertan behera uztea pentsatzen dabilena. Errentagarritasun ekonomikoa hutsaren hurrengoa da; traba burokratikoak eta betebeharrak behetik gora doaz. Jendea nazkatuta dago.

Ez da proportzionaltasun berarekin jokatzen. Gutxi dituenak gutxi dituelako, eta soldata atera beharrean dagoena, marjenik gabe, triskantza egiten diolako... bi kasuetan maila ematea eskatuko duen egoera baten aurrean gaude. Ez da erraza, ez dugu histeriarik sortu behar. Baina kontua serioa da.