GAURKOA

Urrea esan eta urria eman

Alkateordea pozarren agertu zen. Udalak bertan behera utzi zuen Zubieta kaleko 3 zenbakiko eraikin osoa hotel bihurtzeko Lovatir enpresak eskatutako lizentzia. Behin-behineko erabakia zen, 2019ko otsailaren amaieran Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) berariaz aldatu ondotik lehendabizikoa. Udal hauteskundeak berehala ziren, maiatzean, eta Udal Gobernuak aurre kanpainan iragarri zuen bizitegi eraikinak hotel bihurtzeko baldintzak gogortuko zituela: «Helburua da hiriaren erdigunea batez ere bizitegi eremu gisa mantentzea, eta turismoak egiten duen higiezinen presioagatik bizilagunez ez hustea». Bost urte geroago, Zubieta kaleko eraikin osoa turismo ostatura bideratuta dago, beste horrenbeste gertatzen da Garibai kaleko 23 zenbakiko eraikinarekin, eta biak hiriaren erdigunean.

Ez zen lehen aldia handikiro iragarritako neurri batek herren egiten zuena. 2018ko maiatzean, Eneko Goia alkateak Parte Zaharra jarduera ekonomiko ororen eremu saturatu izendatuko zuela iragarri zuen. Aldaketaren helburua zen auzoko etxebizitzen «bizitegi erabilerak babestea» eta «hiriko erakargarritasun turistikoaren hazkundeari lotutako erabilerak mugatzea». Neurria iragarri zenetik ezarri zen arte hilabeteak igaro ziren eta atzerapen horrek establezimendu berriak irekitzea ahalbidetu zuen, hala nola Santa Maria elizaren aurreko Atari hotela. Gainera, neurria indarrean sartu zenetik, Mari kaleko SANSEbay hotela handitzeko lizentzia onartu da, baita auzo osoan logela turistiko ugari martxan jartzea ere.

Nolanahi dela, garai hartako Udal Gobernuko kideek «Donostiako hirigintza modernoa» deitu zuten harribitxia etxebizitza turistikoak arautzeko 2018ko udal ordenantza da. Ordenantza «eredugarri» honek etxebizitzen «bizitegi izaera» babestu eta «elkarbizitza eta erabilerak» antolatu behar zituen, besteak beste, eta harro esan ziguten Donostia zela etxebizitza turistikoak arautzen zituen lehen euskal hiriburua. Hiriak bazuen jada araudi bat, ordea. 2010eko HAPOn dagoeneko jasota zegoen «lehen solairuko araua», hau da, etxebizitza turistikoek bizitegi eraikinen lehen solairuan egon behar zutela. Arazoa ez zen ordenamendurik eza. Arazoa, jakina, beste bat zen. Garai hartan, Donostian 2.215 etxebizitza turistiko erregistratuta zeuden, eta horietatik %76k ez zuen udal araudia betetzen. Legez kanpoko egoera horiek zuzentzeko, Eneko Goiaren gobernuak bi aukera zituen: orduan indarrean zegoen araua aplikatzea eta hura betetzen ez zuten pisuen itxiera dekretatzea edo araua aldatzea, 1.680 apartamentu baino gehiago legetik kanpo ez uzteko. Jakina, Udal Gobernuak bigarrenaren alde egin zuen, ordura arte legezkoa ez zena legeztatuz.

EH Bilduk 2018an aurreratu zuen arauak ibilbide laburra izango zuela, eragingo zituen auzi judizialengatik, udal ordenantza batek ezin baititu hirigintza erabilerak arautu, ezta HAPOn aurretik jasotakoaren aurka egin ere, hierarkian goragoko araua delako. Eta hala izan zen. 2021eko urrian auzitegiek ordenantza baliogabea zela berretsi zuten. Ordurako, ordea, gobernuak axolagabe jokatzen zuen auzitegiak azken buruan erabaki zezakeenaren aurrean, 2021eko apirilean HAPO ad hoc aldatzea onartu baitzuen, pisu turistikoei buruzko araudiaren gidalerroak bertan integratuta gera zitezen. Bestela esanda, gobernuak epaiak errekurritu zituen, nahiz eta jakin ez zirela onartuko, Hirigintza Arauak aldatzeko beharrezko denbora irabazi eta bitartean ehunka etxebizitza horiek nolabaiteko «legezkotasunean» mantentzeko.

Sei urte hauetan ordenantza goraipatu besterik ez dute egin, eta bitxia da, bitxia gutxienez, araudi hain «eredugarria» izanik, agintari berberek baliogabetu izana moratoria batekin. Hotel eta pisu turistikoen lizentziak urtebetez eten dituen neurriaz ari naiz. Moratoria 2023ko martxoan iragarri zuten, hauteskunde batzuen atarian berriro ere, eta helburu hauek zituen, besteak beste: «Hiriko etxebizitza parkea bizitegi erabilerarako lehentasunez erabiliko dela bermatzea» eta «Egoiliarrek eta turistek bizitegi eraikin berean duten bizikidetza konplexuaren ondoriozko tentsioei eta disfuntzionalitateei erantzutea». Hau da, ez da agudezia berezirik behar 2018ko ordenantzarekin ustez bete ziren helburu berberak direla ohartzeko. Are gehiago, azken sei urteetan jarduera turistikoa arautzeko iragarritako neurri guztietan helburu berak errepikatzen dira, bete ez diren seinale. Hala ere, gaur-gaurkoz ez dugu alkatearen autokritikarik entzun.

 

Urtebete da moratoria indarrean sartu zela, neurria iraungitzear dago, eta Udal Gobernuak epeak muturreraino bihurritu ditu ostatu erabilerak arautzeko HAPOren aldaketa puntualari hasierako onarpena emateko, moratoria beste bi urtez luzatzea ahalbidetuko duena. Edonola ere, aldaketa honetan proposatutako neurriek iragarritako helburuei benetan erantzutea beste upeleko sagardoa da. Aldaketa dokumentua irakurri dugu eta zuloz eta ihesez betetako upel batekin topo egin dugu berriro. Alkateak, berriz ere, urrea esan eta urria eman digu. Zer da, bestela, auzo bat turismo ostatuz betetako eremu izendatzea eta, aldi berean, auzo horretan hotel berriak irekitzeko salbuespenak proposatzea? Horrela ulertzen da hamar donostiarretik zazpik adierazi izana ez dutela konfiantzarik Udal Gobernuaren turismo erabakietan. Bitartean, hiriak bizigarria izateari utzi dio, egunetik egunera pixka bat gehiago.