Marcel PENA
BILBO

LABek langile guztien eskubideak bermatzeko eskatu du

Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean, LAB sindikatua Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzan manifestatu zen, egoera irregularrean dauden langileen egoera bermatzeko eskatuz. Nafarroako Exekutiboari ere zuzendu zioten eskakizuna.

LABen elkarretaratzea, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean.
LABen elkarretaratzea, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Nazioarteko Egunean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean elkarretaratu zen LAB atzo, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunean, EAE eta Nafarroako gobernuei egoera irregularrean dauden langileen eskubideak berma daitezela eskatzeko. Dozenaka pertsona bildu ziren 11.00etan, Lakuako Gobernuaren egoitzan, “Arrazakeriaren aurrean, ekintza sindikala!” lelopean. “Inor ez da ilegala”, “Euskal Herria, antirrazista”, “eskubide guztiak pertsona guztientzat” eta halako aldarrikapenak oihukatu zituzten bertaratutakoek.

«Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu arrazakeriaren aurrean jarrera epel eta otzana albo batera uztea eta langile guztien eskubideen alde urratsak egitea eta bermeak jartzea», adierazi zuten Oihana Lopetegi LABeko Ekintza Sindikal eta Negoziazio Kolektiboko arduradunak eta Mariana Urcuyo etxeko langileen ataleko arduradunak. Ildo horretan, azpimarratu zuten Euskal Herrian «arrazakeria, esplotazioa eta diskriminazioa» eguneroko kontuak direla, eta Confebask patronalaren jarrera salatu zuten: «Patronalak Atzerritarren Legearen aurrean esan duena da legea aldatu behar dela bere intereserako. Langileen eskulan merke eta prekarioa bere eskura izan nahi du, eta horren arabera aldaketak planteatu ditu».

LABen ustez, egoera hori lan-arrazakeria da: «Arrazakeria laborala da Atzerritarren Legean aldaketak planteatzea Patronalaren interesen arabera; arrazakeria laborala da Atzerritarren Legea erabiltzea langileak prekarizatzeko eta eskulan merkea bermatzeko». Euskal Herrian milaka langile daude «egoera irregularrean», «lan egiteko eta bizitzeko eskubiderik» ez daukatenak, sindikatuko ordezkariek gogorarazi zutenez. Patronalaren jarrera horren aurrean, sindikalistek salatu zuten «erakundeek beste albo batera» begiratzen dutela, eta horregatik, sindikatuek «izugarrizko zailtasunak» dituztela lan sindikala gauzatzeko. «Izan ere, langile horiek beraien eskubideen urraketak salatu nahi baldin badituzte, kaleratuak izateko arriskua daukate. Lan ikuskaritzan bertan salaketa bat jartzeko izugarrizko zailtasunak dauzkate, ez daukatelako babes mekanismorik», jakinarazi zuten.

Azkenean, bi gobernuen lan-ikuskaritzei bilera bat eskatu zieten «egoera irregularrean dauden langileek bestelako babes mekanismoak eta protokoloak behar dituztelako euren lan eskubideak bermatuak izan daitezen».

ELA: «BENETAKO ALDAKETA»

ELAk Atzerritartasun Bulegoaren eta Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren aurrean egin zuen elkarretaratzea, Atzerritartasun Legea indargabetu dadila eskatzeko. Sindikatuak salatu zuenez, «lege honek pertsona migratuak prekaritatera kondenatzen ditu eta oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza eta etxebizitza) eskuratzea zailtzen du».



Nafarroako SOS Arrazakeriak 2023ko txostena aurkeztu du

Nafarroako SOS Arrazakeriak arrazismoari buruzko 2023ko txostena aurkeztu zuen atzo. Adierazi zuenez, iazko urteko txosten hau «arrazakeriak, egiturazkoa eta instituzionalizatua den elementu gisa ulertuta, migratutako eta arrazializatutako pertsonen bizitzetan nola eragiten duen ikusarazteko beharraren ondorioz sortua da».

Diskriminazioari dagokionez, «aldaketa gutxiko urtea» izan zen iazkoa; hala ere, «gune publiko eta instituzionaletan gorroto-diskurtsoa kroniko bihurtzeko joera» dagoela ohartarazi zuten. «Logikoa da pentsatzea bizitzaren prekarizazioa gero eta handiagoa dela, eta oinarrizko beharrizanak asetzeko gero eta zailtasun handiagoa dagoela. Horrekin batera, aurreiritziak indartuko dira ordezkagarritasun sinboliko eta erreala izan ez dutenen eta pribilegioa ez dutenen aurka», salatu zuten. GARA