GARA
KIEV

Errusiaren aspaldiko eraso handiena Ukrainako azpiegitura kritikoen aurka

Belgorod hiriaren kontrako erasoen ondoren, espero zena etorri zen atzo: Errusiaren erantzun masiboa. Misil eta droneen eraso koordinatuan, Ukrainako azpiegitura energetikoak eta konplexu militar-industrialak txikitu zituen, bereziki herrialdeko instalazio hidroelektriko handiena, Dnipro hirikoa; milioika jende argindarrik gabe utzi ditu.

Errusiaren misil erasoen ondoren, Kharkiv hiriko azpiestazio bat sutan.
Errusiaren misil erasoen ondoren, Kharkiv hiriko azpiestazio bat sutan. (Sergey BOBOK | AFP)

Gerra honen analistek iragarria zuten: Errusiako presidentetzarako hauteskundeetan Ukrainak Belgorov eta Kursk eskualdeetan egindako eraso eta bonbardaketek Moskuren erantzun suntsitzailea ekarriko zuten. Bada, atzo etorri zen hori. Errusiako Defentsa Ministerioaren Telegram kanalean zabaldu zenaren arabera, «Ukrainako azpiegitura energetikoak, konplexu militar-industriala, trenbide-nodoak, armategiak eta mertzenarioen baseak suntsitzeko» operazioa, «jopuntu denak kolpatuta, arrakastatsua» izan zena.

Zentsuraren saretik ihes egin zuten irudietan ikus zitekeenez, hondamendia oso handia izan zen, kasu batzuetan konponezina. Milioka ukrainar argindarrik gabe utzi zituen, Kieven arabera «gutxienez 88 misil eta 63 drone» bidez egindako erasoak. Kieveko Gobernuarentzat, erasoon helburua «ez da bakarrik azpiegitura jo eta hondatzea, joan den urtean bezala herrialdeko sistema energetikoan eskala handiko hutsegite orokorra eragitea da».

PRESA ERRALDOIA

Azken aspaldian ez da tamainako erasorik egon. Baina gogoratu behar da, 2023ko neguan Errusiak bonbardaketa kanpaina latza egin zuela planta elektriko eta hidroelektrikoen aurka, azpiestazio eta instalazio termikoen aurka, eta hala, aste luzeetan milioika ukrainar berokuntza-sistemarik gabe utzi zituela, eta herrialdeko hainbat industria kolapsora behartu.

Baina atzokoak inpaktu oso handiko beste helburu bat ere izan zuen: Ukrainako presa handienean (eta Europako handienetarikoan) dagoen Zaporizhiako Dniprohes zentral hidroelektrikoa. Bereziki gogor bonbardatu zuen Moskuk, 8 misilekin. Makina gela, ekipazio elektrikoa eta esklusak hondatuta eta urperatuta geratu ziren; instalazioa epe luzerako zerbitzuz kanpo utzi du horrela. Ukrainako agintariek, baina, presa pitzatzeko arriskurik ez dagoela zabaldu zuten.

Ukrainako bigarren hiri handiena, gerraurrean milioi eta erdi biztanle zituen Kharkiv, argindar eta beroketa-sistemarik gabe utzi zuten atzoko erasoek, alkateak adierazi zuenez «azpiegitura energetikoak larriki hondatuta» zeudelako. Herrialdeko beste hiri batzuek ere murrizketak eta errazionamenduak pairatu zituzten; Odesan 260.000 biztanle geratu ziren argindarrik gabe, Khmelnytsky hirian (mendebaldean) 200.000. Zaporizhia hiria bera ere ilunpetan (eta izututa) zegoen.

GAS BILTEGIA ESTRATEGIKOA

Azpiegituren aurkako erasoen egun berean, informazio kontraesankorrak ez ziren falta: Batetik, AEBek Ukrainari eragotzi nahi diela Errusiako petrolio-findegiei eraso egitea; eta, bestetik, Britainia Handiko MI6 inteligentzia zerbitzuek Ukrainako presidenteari jakinarazi diotenaren arabera, petrolio-findegien erasoen ondoren goi-bilera egon zela Kremlinen Ukrainako lurpeko gas biltegi estrategikoa suntsitzea mahai gainean zegoela.