Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ekoizpen handiagoetarako prest daude Asier Agirre eta Martxel Iztueta

Arrotxapeakoak eta tolosar gazteak ez diete inolako aukerarik eman orain arteko txapeldunei, eta 22-6 gailenduta jantzi dituzte B-serieko Binakako txapelak. Aurrelari nafarra izan zen finaleko izar nagusia, erasoko erakustaldi batekin aurkariak hautsiz.

Asier Agirre eta Martxel Iztueta pozarren, lortu berri zituzten txapelak buruan jantzita.
Asier Agirre eta Martxel Iztueta pozarren, lortu berri zituzten txapelak buruan jantzita. (Iñigo URIZ | FOKU)

Ameriketako Estatu Batuetako Depresio Handiaren ostean sortutako zinema motari deitu zitzaion B seriekoa. Hitz gutxitan esanda, aisialdia sartu zen krisiari aurre egiteko, zinemaren industriak aurrekontu baxuarekin, baina irudimen edo sormen handiarekin, ekoitzitako film sortak ziren B Seriekoak, eta, trebetasun handiago edo txikiagoarekin, izen hori eman diete pilota enpresek orain arte bigarren mailako edo promozioko txapelketak zirenei. Alderaketa horri eutsiz, Asier Agirre eta Martxel Iztueta ekoizpen handiagoetarako prest daudela esan genezake, finalean maila honetan orain arteko txapeldunak ziren Larrazabal eta Eskirozen gainetik pasatu ostean (22-6).

Baikoko zuzendariek horrela erabakita, Iker Larrazabal izango da ostiralean, Bastidan, Buruz Burukoan Jon Ander Peñaren aurka aurre-kanporaketa bat jokatuko duen aurrelaria, baina atzoko partidako izarra, zalantzarik gabe, Asier Agirre izan zen. Arrotxapeakoak gaitzeko erakustaldi ederra eman zuen giro beroa izan zuen Labriten, eta maila honetako bere hirugarren txapela jantzi du, azkena lortu eta lau urtera -atzo arerio izan zuen Eskirozekin lortua-. Defentsan ere bai, baina erasoan ikusgarri aritu zen aurrelari nafarra, egoera behartuetatik ere gantxoarekin sekulako mina eginez ezinean aritu zen amurrioarrari.

Atzean ere, Iosu Eskiroz izan da azken asteetan lehen mailako txapelketan ordezkapenak egiteko deitu duten atzelaria, eta Ezkabartekoak maila bikaina eman du egungo atzelari onenen artean. Bermea eta sendotasuna izan ohi dira bere ezaugarririk nabarmenenak, baina atzokoan ezin izan zuen 20 urterekin, bere lehen finalean, bere ibilbideko lehen txapela jantzi zuen Martxel Iztuetarekin. Profesionaletan hasi besterik ez da egin tolosarra, baina eskuek errespetatzen badute, ibilbide oparoa izateko gaia duela erakutsi du gipuzkoar gazteak. Eskuin dotorea du oso eta, hasierako urduritasunak gainetik kenduta, haizea alde, partida biribila jokatu zuen.

Eta hori, atzoko filmaren gidoilariek beste era bateko finala aurreikusirik; faboritoak 0-3 aurreratu zirenean, Iztuetari berari gora joan zitzaion pilota batekin, Eskirozek errebotean jarritako beste batekin eta Larrazabalen tanto on batekin. Tolosarrak ohi baino pilota biziagoekin arazoak izan zitzakeela zirudien, Eskirozek fresko zegoela, eta partida maldan gora zegoela zirudien lehen faseko bikote onenarentzat.

BIRATZE PUNTU BAKARRA

Hortxe gertatu zen Asier Agirre protagonista nagusi izan zuen gidoiaren eguneko biratze bakarra. Arrotxapeakoak jokoan sartu eta arriskatu behar zuela ulertu, eta zorroztasun osoz bete zuen bere papera, urrutitik ere gantxo ikusgarriak sartuta, jokoa nahasiz. Denera 12 tanto amaitu zituen Asier Agirrek, horietako zazpi airez eta partida osoan huts bakarra eginez, finala erabat hautsia zela, 18-6koan aukerako pilota batean sekulako kalea eginda. Finalaren garapenean anekdota hutsa izan zen akatsa, ordurako Martxel Iztuetak ere neurria hartua baitzion bere lehen finalari eta denborarik gehienean oso deseroso aritu den Iosu Eskiroz baino askoz gehiago zen-eta kantxan.

Askorentzat faborito garbiak izanagatik, Larrazabal eta Eskirozek ez zuten markagailuan atzetik jokatzen jakin, taktikoki ere ez zuten erantzunik topatu aurkarien nagusitasunaren aurrean, eta txapeldun berriak zoriontzea beste erremediorik ez zitzaien geratu, aukera berriak prestatzen hasi aurretik.

Asier Agirrek eta Martxel Iztuetak ere enpresak eman diezazkien erronketarako prest jarraitu beharko dute, merezitako txapelak argudio sendoz lortu eta gero.