Ane URKIRI ANSOLA

Euskal gazteriaren deiadar ozena: ofizialtasuna selekzioarentzat

Jende andana bildu zen San Mames estadioaren inguruetan, Kirruli taberna ataritik hasi eta estadiora bitartean dagoen ibilbidean. Ikurrinak izkina guztietan, mezu argi bat lau haizeetara zabaltzeko: Euskal Selekzioaren ofizialtasuna. Mila zale uruguaitarrek ere burrunba ederra sortu zuten norgehiagokaren atarikoan.

(FOKU)

Euskal Herriak erabaki” leloa zeukaten ikurrinak, ikurrin klasikoak, Euskal Selekzioaren kamiseta zahar zein berrituak... Bilboko Indautxu auzoan giroa berotzen hasi zen 17.00etatik aurrera, hasierako giro epelari kolorea emanez. Kolore gorri, zuri eta berdea, bai eta Uruguaiko urdin argia ere. Giro berezia sortu zen kaleetan barrena, trikitia eta danbor hotsak; euskara eta Uruguaiko gaztelania hain erakargarria.

Gazteen presentzia handia egon zen, eta honek hausnarketarako tartea ematen du. Egun 18 urte dauzkaten gazteak 14 urte zeuzkatenetik gizonezkoen Euskal Selekzioa ikusi gabe daude. Are gehiago, 12 urte zituztela jokatu zuen azkenekoz Euskal Herriko selekzioak zaleen aurrean. Pentsa, nola ez dute ba irrika berezi hori sentituko! Bai behintzat euskal nazioaren identitate minimo bat daukaten horiek.

Asko izan ziren, halaber, familia giroan bertaratu zirenak, belaunaldiz belaunaldi euskalduntasuna helarazten joateko ariketa bezala. Ariketa duina eta funtsezkoa, etorkizunean orain ume diren horiek borrokatu beharko baitute, ikurrinak eta euskal ikurrak lau haizeetara zabaldu eta ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko. Esaten den bezala, borroka hau iraupen luzeko lasterketa baita; eta bai luzea izaten ari dena!

30.000 PERTSONA ESTADIOAN

Asko izango ziren, partida hasi zenean, San Mamesen, 30.000 sarrera baitzeuden salduta, datu ofizialen arabera. Behar zuen euskal selekzioak horrelako hitzordu bat, aldarrikapen hau suspertzeko, berriro ere kaleetara ateratzeko, gure selekzioak Euskal Selekzioa dela ozen aldarrikatzeko. Ozenak eta estadiora sartzen lehenak ere izan ziren uruguaitarrak, partida hasteko ordubete baino gehiago falta zela beraien eserlekuetarantz abiatu baitziren, Uruguaiko selekzioko kideei txalo zaparradak eskainiz, oraindik ere beroketa ariketak hastear zirela.

Euskal gazteria indartsu dagoela erakutsi zuten zaleek, futbol zale zein euskal zaleek, denek gozatzen baitute Euskal Selekzioaren hitzordu honekin. Jagoba Arrasatek NAIZ Irratian esan bezala, barrenean mugitzen den zerbait suposatzen du Euskal Selekzioak, sentimendu bat, eta atzo, sentimendu hori kalera atera zen berriro ere.

Euskal nortasuna zerbaitek batzen badu futbola izan daitekeelako, ofizialtasunaren aldarriak, nazio bat garela erakusteak. Horretarako, gainera, Uruguai bezalako adiskide on bat izateak ere laguntzen du. Kalean ere sumatzen da sintonia berezia, bi herrialdeen arteko adiskidetasunarena, milaka batailetan lagun izan diren bi lagunen artekoa. «Uruguai, Uruguai», esan zien euskal zale batzuek, alboko espaloitik oinez zetozen bi uruguaitarri. Hauek, ukabila altxatu eta lagun keinua luzatu zieten.

Borroka honetan ere beharrezkoa baita laguntasuna. Partidaren atarian, Bielsak ere utzi zuen mezu indartsu bat. Uruguai gaur hemen baitago «ofizialtasunaren onarpenaren borrokan laguntzeko».

Kalean, beraz, partida honen harira izan bada ere, berreskuratu da ofizialtasunaren aldarria, azken urteetan, Federazioaren gabezien ondorioz, apalduta ikusi dena. Ea bada, lagunarteko honek laguntzen duen borrokari hauspoa ematen eta ofizialtasunaren aldarria lehen lerrora eramaten. «Partida hau jokatzea beharrezkoa zen hurrengo urratsak egin ahal izateko», zioen Jagoba Arrasatek, Euskal Selekzioko hautatzaile eta Osasunako entrenatzaileak.

Berpiztu da, behintzat, sugarra; jarraipena emanez gero, loratuko da oinarri sendoa, hazia erein eta helburua lortzeko. «Ofizialtasuna, Euskal Herritik mundura», Gu ere bai eta Gure Esku Dago dinamikek antolatutako kalejirak erakutsi duen leloak, hain sinple baina hain ondo adierazi legez.