GARA
PILOTA EGOKITUA

Zarautz, garapen izugarriaren lekuko

Igandeko finalistak, atzo, Zarautzen.
Igandeko finalistak, atzo, Zarautzen. (EUSKAL PELOTA EGOKITUA)

Legazpiko finalekin 2018an hasitako Euskal Pilota Egokituaren abentura urrats sendoak egiten ari da inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako. Eta bide horretan, beste pauso garrantzitsu bat emango da igande eguerdi honetan Zarautzen, bertako Aritzbatalde pilotalekuan jokatuko den Euskal Pilota Egokitua Saria Nagusiaren finalekin.

Txapelketak seigarren ekitaldia izango du aurten, eta, mailaz harago, nabarmendu behar da partaidetza ere urtez urte handiagoa dela. Jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da (ETB-1 eta EITB.EUS atarian zuzenean eskainita).

Bi izango dira jokatuko diren partidak. Alde batetik, adimen urritasuna duten pilotarien artean Divasson-Huegun bikotea eta Arakistain-Sagarmendi arituko dira, eta urritasun fisikoa dutenen mailan, berriz, Navaridas-Lizaso eta Senperena-De Anta izango dira txapelen lehian arituko direnak.

Aurtengo finalista guztiak aurretik izanak dira finalen batean, baina erreferentzia nagusiak dira adimen urritasuneko bere bosgarren finala jokatuko duen Eneko Sagarmendi mutrikuarra eta gurpil-aulkian orain arteko final guztietan aritutakoa den Beñat Lizaso.

Adimen urritasuneko finalak iazkoaren nolabaiteko errebantxa kutsua izango du, etxean arituko den Iñaki Divasson eta Eneko Sagarmendi iaz ere elkarren aurka aritu baitziren. Garaipena Sagarmendirentzat izan zen iaz, eta aurten, bikote desberdinekin, ikusi egin behar zer gertatzen den. Zarauztarrak bere laugarren finala jokatuko duen Iraitz Huegun donostiarra izango du lagun, eta Errenterian bizi den txapeldunak finalean bigarrengoz arituko den Jurdan Arakistain zestoarra.

Gurpil-aulkiko finalean, aldiz, Beñat Lizaso da iaz Irunen jokatu zen finaletik errepikatzen duen bakarra, baina beste finalista guztiek ere esperientzia dute halako egun handitan. Oiartzuarrak Asier Navaridas sunbildarrarekin jokatuko du, eta final oso zaila izango dute Lekunberriko Edorta de Anta eta Bidaniko Aingeru Senperenaren aurka -3. finala-.

Igande honetan Zarautzen final estu eta parekatuak espero dira. Atzo egindako aurkezpenean esan zuten bezala, «txapelketa misto eta inklusibo hau eredugarria da, eta baita pilotari hauen konpromisoa eta inplikazioa ere».

Aurkezpenean Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidentea, Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzia eta Jon Ander Alberdi Laboral Kutxako Zarauzko bulegoko zuzendariek parte hartu zuten. Hitza hartu zuten guztiek goraipatu zuten kirolari hauek duten meritua eta, era berean, pilotazaleak finalak ikustera gonbidatu zituzten.