GARA
GASTEIZ

17,6 milioi ardogintzara, eskaintza eta eskariaren arteko desoreka arintzeko

17,6 milioi euro bideratuko ditu Lakuako Gobernuak mahastizaintza eta ardogintza sektorerako laguntza gehigarrietara. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak atzo komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi zuenez, helburua eskaintzaren eta eskariaren arteko egungo aldea arintzea da.

Mahastiak Guardian, Arabako Errioxan.
Mahastiak Guardian, Arabako Errioxan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Lakuak 17,6 milioi euro bideratuko ditu mahastizaintza eta ardogintza sektorera laguntza gehigarrietan. Eskaintzaren eta eskariaren arteko egungo desoreka arintzea da helburua.

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar batean azaldu zuenez, lehen neurria astearte honetan egindako Gobernu Kontseiluan onartu zen, Arantxa Tapia sailburuak Araban kokatutako Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatuko mahastiak uzta berderako 2024ko laguntzetarako deialdia egiteko emandako agindua babestu ondoren.

Hasieran esleitutako partida 1.800.000 eurokoa da. Hala ere, eskaera onargarri gehiago egonez gero, funts propioekin handitu egingo da partida, guztira gehienez 1.500 hektareari erantzun ahal izateko.

Lursailak honako lehentasun irizpide hauei haztapena aplikatzean lortutako puntuen arabera ordenatuko dira: Babestutako Jatorri Deitura batean inskribatutako lursailak, baldin eta horien azalera, osorik edo gehienbat, mahats tinta ekoizteko erabiltzen bada; 1980. urtetik aurrera landatutako mahasti partzelak; eskatzailea mahastizain gaztea izatea; eta titulartasun partekatuko erregistroan inskribatutako ustiategiak.

ERRENDIMENDUEN MURRIZKETA

Sailak, gainera, mahastizaintza eta ardogintza sektorerako zenbait laguntza zehaztu ditu urte honetarako, uzta berdearen arloko laguntzari gehituko zaizkionak. Horien artean dago errendimendu murrizketagatik eskainitako dirulaguntza.

Errioxako Kontseilu Arautzailearen erabakiak eragindako mahastizainei lagunduko die Lakuak, %10eko murrizketa ezartzen baitu mahats tintaren ekoizpenean, zenbateko hauekin: 50 hektareatik beherako ustiategiek 487,5 euro jasoko dute hektarea bakoitzeko; 50 eta 100 hektarea arteko ustiategiek, 325 euro hektarea bakoitzeko; eta 100 hektareatik gorako ustiategiek, 130 euro hektareako. Guztira, Lakuak 5,6 milioi euro bideratuko ditu neurri horretara. Merkataritza funtsa galtzearen konpentsazioa ere iragarri du, hektareako 1.462,5 euroko laguntza kuantifikatuz eta 10 hektareara mugatuz. 2,2 milioi bideratuko ditu neurri honetara.

Azkenik, 2023an bezala, 2024an ere ardoaren borondatezko destilazioa laguntzeko agindu bat argitaratuko da, EAEko Nekazaritza eta Elikadura Industrien Erregistroan establezimendu aktibo bat duten eta establezimendu aktibo horretan Errioxa JDKaren babespean ardoa ekoizten duten ardogintzako enpresentzat.

Halaber, destilazioa ukituko duten zatiak egongo dira, baina 2024an destilazio bolumenak honela definitu dira: Errioxa JDK-k babestutako eta EAEn ekoitzitako ardoaren ekoizpen osoaren ehuneko ehun 2023an, 250.000 litrotik beherakoa bada; Errioxa JDK-k babestutako eta EAEn ekoitzitako ardo guztiaren %50 2023an, 250.000 litrokoa edo gehiagokoa eta 500.000 litrotik beherakoa bada; eta Errioxa JDK-k babestutako eta EAEn ekoitzitako ardoaren ekoizpen osoaren %20 2023an, 500.000 litrokoa edo gehiagokoa bada.

Era berean, portzentajeak igo edo murriztu ahal izango dira funtsen eskuragarritasunaren arabera. Laguntza 0,958 euro litroko izango da ardo beltzean, eta 0,865 euro litroko, ardo gorrian. Zenbateko horiek KPIa aplikatu ondoren berrikusi dira. Gobernuak 8 milioi bideratuko ditu destilaziorako laguntza honetara.

2023an ez bezala, bolumen destilagarriaren hasierako eskaera egingo da aurten, eta laguntza ebatzi eta bolumen eskabide guztien arabera eman ondoren, upeltegiek destilazioa egingo dute, eta destilazioa 2024ko urriaren 15a baino lehen egin beharko da.