GARA
BILBO

Pradales eta Otxandiano; orain artekoari eutsi edo aldatu

Hauteskunde kanpainako azken igandea orain arteko mezuetan sakontzeko erabili zuten EAJk eta EH Bilduk, zehazki, Imanol Pradalesek eta Pello Otxandianok.

Hautagai jeltzalea inkesten arabera zalantzan dagoen talde zabalari zuzendu zitzaion, bere ustez EAJren kudeaketari esker izandako lorpenak zehaztuz. «Enplegu betean gaude, eta milioi bat pertsona baino gehiago ari dira lanean eta kotizatzen gure herrialdean, historiako kopururik handiena. Pertsonako batez besteko errenta 36.000 eurotik gorakoa da, Europako batez bestekoaren gainetik. Gazteen langabezia, %10ean dago, duela 10 urte %30etik gorakoa zenean», adierazi zuen.

«Harro gaude Euskadiri zerbitzua emateko egin dugun ibilbideaz», gaineratu zuen, eta, EH Bilduri buruz esan zuen «look-ez aldatu direla» eta «elkarlanaz hitz egiten» dutela baina hauteskundeak igarotakoan guztiaren aurka egingo dutela.

«POLITIKA EGITEKO BESTE MODU BAT»

Pello Otxandianok, aldiz, adierazi zuen EH Bilduk «aldaketa bat, politika egiteko beste modu bat, desio dutenen bilgune» izan nahi duela, eta gehitu zuen koalizioak ez dizkiola «inori ateak ixten».

«Leihoak irekitzera, konponbideak proposatzera, elkarguneak bilatzera gatoz, elkarlanaren bidez herri proiektu bat eraikitzeko», esan zuen lehendakarigai independentistak, eta gogora ekarri zuen EH Bilduk dagoeneko aplikatu duela politika egiteko beste modu hori. Hain zuzen, gogorarazi zuen duela bi legealdi koalizioak botoak Gasteizko EAJko alkategaiari eman zizkiola, PPren «eskuin xenofoboa» instituzioetatik ateratzeko, eta, aldiz, 2023an EAJk, PSEk eta PPk bat egin zutela Gasteizen bertan EH Bilduk alkatetza lortu ez zezan.