Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ezkurdiak patxada oparitu dio bere buruari, eta espero ez zuen aukera bat Zabalari

Txapeldunaren madarikazioak bere horretan dirau, eta berea ematerik izan ez zuen Aitor Elordik agur esan dio Buruz Burukoari, lehia bakarra irabazita

Ezkurdiak beste patxada bat izan zuen Bilbon.
Ezkurdiak beste patxada bat izan zuen Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Egungo txapelduna kanporatu izanaren kontsolamenduarekin, Joseba Ezkurdiak agur esan dio aurtengo Buruz Burukoari; bera bezalako pilotari batentzat nahikoa ez den saria, baina dituen erronkei aurre egiteko patxada emango dion garaipena. Saria, benetako saria, Javi Zabalak eraman du, gutxien espero zuenean, beretzat izango baita aspaldiko finalerdietarako txartelik merkeena; puntu bakarrarekin Unai Lasoren aurka jokatzeko modua egin du, Elordiren porrotari esker.

Txapeldunaren madarikazioak, gutxienez, beste urtebete iraungo du, iazko mailatik urrun, mallabitarrak garaipen bakarrarekin -Zabalaren aurka Gasteizen lortutakoa- agur esan baitio txapelketari.

Galdetu zaion bakoitzean gerriko gorriak pisu berezia duela ukatu badu ere, atzo ere argi geratu zen gorputza bezain garrantzitsua, edo gehiago, izan daitekeela burua halako muturreko partidetan. Iaz, azken unean eta galtzeko ezer gabe sartu ostean, Binakakoan hartutako olatua bere joko oldarkor eta ausartarekin bikain surfeatuz, aurkariak txikitu zituen mallabitarrak. Aurten, konfiantzaren bultzada hori gabe eta arduraren pisua gainean zuela, lotuta aritu da, aurrerapauso hori eman ezinda, lotuta.

Aurreko asteetan antzeko egoera bat bizi ondoren, txanpon beraren beste aurpegia izan zen atzo Joseba Ezkurdia. Matematikoki bai, baina benetan aurrera egiteko aukerarik gabe -azken partzial hori hasieran egin izan balu oso bestelakoak izango ziren gauzak-, libre jokatu zuen arbizuarrak, entrenamenduetan zituen sentsazio on horiek benetakoak zirela erakusteko moduan.

Eta horrela, epailearen txapak lehen sakea Elordiri eman zion arren, partidaren aginte makila Ezkurdiarena izan zen aurreneko tantotik. Orain arteko partidetan izan duen presarik gabe, arbizuarrak gauzak zuzen egin zituen, aparteko erakustaldirik eman gabe, pilota aurkariak baino gehiago atzeratu eta Elordik nahi zuen joko azkar eta motzean sartzeko intentziorik gabe (0-6).

ALFERRIKAKO OLDARRALDIA

Erasoan bere burua saldu zuen lehen pilotakadak eten zuen sakandarraren bolada ona, eta gogotik ordaindu zuen, sakea bere esku zuela, berehala utzi baitzuen Elordik Ezkurdia geratzen zitzaion aurrera egiteko aukerarik gabe. Orduantxe agertu zen, une labur batez, egun onenetako Elordi, pausoa aurrera eman eta arrisku handiak hartuz, partida aitaren batean berdindu eta, are gehiago, erdi bideratuta utziz (10-7). Bertan geratu ziren, ordea, bizkaitarraren asmoak. Ezkurdiak ez zuen bururik galdu, frontisetik urrun mantendu zuen eta Elordiren irabazi beharrak egin zuen gainontzekoa.