Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Lanartean

Euskal Autonomia Erkidegoko artisten %69 pobreziaren mugaren azpitik dabilela dio “Berria”-ren lerroburuak. Ze baikorrak! Pentsatu dut ene baitarako, honek esan nahi baitu EAEko artisten %24 modu duinean bizi edo bizitzetik hurbil dagoela. Zer gertatuko litzateke, adibidez, pobreziarekin (benetakoarekin) borrokan aritu beharra aurreikusirik, gure artea lanbide “konbentzionalago” baten apeten menpe jartzea erabaki dugun koldarrok, atzera egin, datu hauek ikusita, animatu, eta artisten gremioan gure izena ofizialki emango bagenu? Aurreko lerroburua egokitu beharko lukete, eta gosea sormenaren akuilurik onena ote den, enpirikoki, probatzen dutenen kopuruak ia %90era egingo luke gora.

Une egokia izan daiteke Euskaltzaindiari proposatzeko artista hitza langile prekarizatuaren sinonimotzat hartzea, eta hala jasotzea dagokion hiztegian. Tarte aproposa, langile autonomoa izanik, arteaz bizitzen saiatzearen epopeia ezagutzera emateko. Parada ezin hobea, Lanartean elkartea bazkide eta laguntzaile bila dabilela gogoratzeko.

Gure lagun artista baten aitak hala esaten omen zion: «Hi seme, zenbat lan lanik ez egiteko». Gureak berriz, (nire) arteak Mercedes bat noiz oparituko zain eman zuen bere bizitza. Nork azaldu hari, lan kategoria berean daudela Glovoko banatzaileak eta artistak.