GARA
BILBO

Eva Ferreira berriz aurkeztuko da EHUko errektore postuari eusteko

Eva Ferreira EHUko errektoreak udazkenean egingo diren hauteskundeetara berriro aurkeztuko dela iragarri du. Joxerramon Bengoetxearen ondoren, EAEko unibertsitate publikoaren errektoretzara aurkeztuko den bigarren hautagaia da.

Eva Ferreira, artxiboko irudi batean.
Eva Ferreira, artxiboko irudi batean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Eva Ferreirak atzo goizean Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan iragarri zuen berriro izango dela EHUko errektoretzarako hautagai, datorren udazkenean egingo diren hauteskundeetan.

Elkarrizketan azaldu zuenez, bigarren agintaldi batek aukera emango lioke proiektu «anbiziotsuago» bat abian jartzeko eta «jauzi kualitatibo bat emateko» prestakuntzan, ikerketan edo ezagutzaren transferentzian, besteak beste.

Zehaztu zuenez, urrira arte ez da hautagaitzak aurkezteko epea irekiko, eta, hauteskunde kanpaina azaroan izango denez, «oraindik denbora dago» proiektuak zehazteko edo, hala badagokio, hautagaitza gehiago jasotzeko.

Ferreirarekin, dagoeneko bi dira EHUko errektore izateko hautagaiak. Joxerramon Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna izan zen lehena bere hautagaitza aurkezten, ekainean. GARAri duela aste batzuk eskainitako elkarrizketa batean azaldu zituen bere arrazoiak, eta, besteak beste, unibertsitatean dauden prekaritate-egoerei erantzutea «funtsezkoa» dela adierazi zuen.

Beste hautagai bat egoteari buruz galdetuta, Ferreirak atzo adierazi zuen EAEko unibertsitate publiko bakarrari buruz «ideiak alderatzeko aukera» izango dela.

Hautagaitza bateratuaren aukeraz galdetuta, azaldu zuen oraingoz ez duela aukerarik izan Joxerramon Bengoetxearekin hitz egiteko, eta, nolanahi ere, oraindik hiru hilabete falta direla behin betiko ikusteko zein hautagaitza aurkezten diren.

Ferreirak adierazi zuenaren arabera, «anbizio handiagoko proiektuak mahai gainean jartzeko unea da, garai berriak unibertsitate publikoan anbizio handiagoa eskatuko digulako».

Datorren ikasturterako ikasleen aurreinskripzioari dagokionez, Ferreirak esan zuen graduko ikasketetarako 20.000 inguru mantentzen direla, iaz bezala, eta graduondoko ikastaroetarako eskaerak %10 igo direla.

Gogorarazi zuen Medikuntza eta Farmazia Fakultate berriaren obrek -Bilbon kokatuko da, Basurtuko Ospitalearen ondoan- aurreikusitako erritmoan doazela eta 2026-27 ikasturtean hartuko dituela ikasleak.