Jon ORMAZABAL
Kazetaria
2020

Lucio Urtubia, filmetako bizitza bat, «ekintza zuzenak» gidatua

Lucio Urtubia, 2014. urteko argazki batean, Iruñean bere biziari buruzko liburua aurkeztu zuenekoa.
Lucio Urtubia, 2014. urteko argazki batean, Iruñean bere biziari buruzko liburua aurkeztu zuenekoa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Patuak halakoxeak ditu, eta bere filmetako bizitza markatu zuen urteurrenean, uztailaren 18an, eman zuen azken hatsa, Parisen, Lucio Urtubia borrokalari nekaezinak. Bere ibilbide osoan zehar bere Erribera maitean horrenbeste min egin zuen errepresio ankerraren errudunak seinalatu zituen, eta errepresaliatuak babestu. «Nik ez dut gorrotorik, baina ez dut ahazten, ez dut ahaztu nahi, ezta barkatu ere» esan ohi zuen.

Jaio, ordea, Cascanten egin zen, 1931. urtean, bere izaera ume-umetatik zaildu zuen inguru gogor batean. Bost anai-arrebetako familia txiro batean eta karlista izateagatik kartzelatu zuten eta komunista borrokatua zen aita batekin. «Pobrezia izan zen nire aberastasunik handiena, hari esker ez nuelako ahalegin handiegirik egin beharrik izan ezarritako guztiari errespetua galtzeko», azaldu izan zuen.

Utopiko askoren itsasargi, bere ibilbideko azken etapan hamaika hitzaldi eman zituen kultur etxe zein gaztetxeetan, anarkista borrokatua izan arren hauteskunde kanpainaren batean ere parte hartu zuen, baina batez ere Lucio ekintza gizona izan zen.

Lanaren apologia ere egin izan zuen inoiz, «jakiteko lan egin behar delako. Ni ez naiz inor baino azkarragoa, baina zortea izan dut nahi izan dudana egin dudalako. Utopia bizi izan dut. Eta lapurtu egin izan dut, baina lapurreta egitea ez da ezer txarra onerako erabiltzen bada, hurkoari laguntzeko egiten bada. Zein ederra den partekatzea!».

Aukera zuen bakoitzean subertsiorako deia luzatzen zuen ozen. «Gero eta gehiago izan, are eta gehiago nahi duten agintari alu hauei errespetua galdu behar zaie. Baliabide ekonomikoak pilatzen baino ez dakite, baina gero ez dakite horiek erabiltzen». Eta boteretsuekin ez zen sekula adiskidetu. «Historian zehar boteretsu bakar bat ere ez da errespetagarria izan, botere orok usteldu egiten du, eta horregatik naiz anarkista».

Baina oso gogoan izateko perlak utzi bazituen ere, lehenago esan bezala, Cascanteko igeltseroa akzio gizona zen. Oso gazterik soldaduska frankistatik desertatu eta Parisen erbesteratu zen, 1954. urtean, eta han hasi zuen bere ibilbide anarkista, bere formakuntzan oso garrantzitsuak izan ziren beste erbesteratu batzuekin. Haien eskutik ezagutu zituen, besteak beste, Andre Breton eta Albert Camus.

Militantzia giro horretan, jaso zuen lehen misioetako bat Quico Sabate, Kataluniako makia eta kale gerrillaren bultzatzailea, bere etxean gordetzea izan zen, eta haren eskutik hasi zen mugaren bi aldeetan, baita Europan zehar ere, iraultzarako sosak biltzearren, zenbait lapurreta eta atrako egiten, nahiz eta beranduago ekintza horiek alboratu zituen, «bankuetako langileei min egitearen beldur».

FALTSIFIKATZAILE BIKAINA

Baina honek ez zuen bere ekintzailetza itzali, eta faltsifikatzaile lanetan hasi zen, lehenengo beste erbesteratu eta militanteei behar zituzten agiriak lortuz eta geroago, beste ekintzaile batzuekin, dirua faltsutzen, ekintzaileentzat dirua lortzeaz harago, ekonomia kapitalistan arrakalak sortu asmoz.

Ziurrenik, bere ekintzarik ezagunena 1970eko hamarkadako bigarren erdian burututakoa izango da, Ameriketako Estatu Batuetako First National City Banken -gaur egun Citibank bezala ezaguna- bidaia txekeak faltsutu zituenekoa. Denera ehun dolarreko 25 txeke zituzten 8.000 orrialde inprimatu zituen, denera 20 milioi dolar inguru, bankuaren bideragarritasuna bera kolokan ipintzeraino, burtsako kotizazioan izan zuen galera izugarriaren ostean.

Lortutako dirua Latinoamerika (tupamaroak, montoneroak...) eta Europako zenbait talde armatu finantzatzeko erabili izan zen, eta ekintza honen osteko titularrek «bandido ona» edo «euskal azeria» bezala definitu zuten Lucio. Gerora epaitua eta kartzelan sei hilabeterako zigortua izan zen, bankuarekin akordio batera heldu ostean. First National City Bankek salaketaren parte handi bat erretiratu egin zuen txeke horiek egiteko erabilitako plantxen truke.

Bere ibilbidean kartzela asko ezagutu zituen eta presoak beti izan zituen gogoan, baita euskal preso politikoak eta euren borroka ere. Bere heriotzaren berri jakin ostean, Arnaldo Otegik esan zuen euskal anarkismoaren erreferente hau «lagun bat, amets eta borroka kide bat» izan zela.

Sistema kapitalistaren aurkako hamaika ekintzetan hartu zuen parte eta bere aurkako bost nazioarteko atxiloketa agindu idatzi ziren, tartean, CIAren bat ere bai. Klaus Barbie naziaren bahiketa Bolivian, Pantera Beltzen buruaren ihesa, Javier Ruperezen bahiketa... zenbat saltsatan egongo ote zen Lucio Urtubiaren eskua presente.

Hori bai, Cascantekoak beti egin zion ihes askok jarri nahi izan zioten heroiaren etiketari. «Ekintza heroikoek eskutik eraman ohi izaten dituzte akats handiak, eta pertsona bat mitifikatzen denean bere akatsak ere mitifikatzeko arrisku handia izaten da», errepikatu ohi zuen sarri. Borrokalari sen horri azken egunera arte eutsi zion eta matxinadarako deia ez zuen sekula ahaztu, batez ere gazteak gogoan.



[2015] Cuando matar balleneros vascos era legal en Islandia

La heroicidad, bravura y nobleza de los marineros vascos ha sido relatada y elogiada por muchos libros de historia, pero existe un capítulo mucho más desconocido. En 2015 se cumplieron 400 años de la matanza de 32 balleneros vascos en Islandia y Donostia acogió una jornada sobre la masacre, en la que Xabier Irujo explicó la travesía de estos balleneros.

«Dos hombres de Dyrafjördur reunieron una partida y atacaron a los vascos en Skaganaust. Ahora que en Islandia era legal matar llegó a ser algo fácil de hacer». La masacre de la que fueron víctimas los balleneros vascos en Islandia entre septiembre y octubre de 1615 fue narrada por Jon Gudmunsson, que entrevistó a testigos directos de la masacre e interrogó a las personas que habían colaborado y cometido la matanza. Unos poemas que describen lo vivido por los 32 balleneros muertos a manos de los indígenas encabezados por el sheriff Ari Magnússon de Ödur.

Ander Pérez Lasa recogió en la edición de GARA del 18 de julio la crónica de la jornada dedicada a la masacre en el Aquarium de Donostia.