Iraitz MATEO
PIRATEN ABORDATZEA

HAIZEA LAGUN ZUTELA ABORDATU ZUTEN DONOSTIA 1.500 PIRATAK

Beste urte betez Donostiako piratek Kontxa abordatu dute; 22. edizioa izan da aurtengoa. Arrakasta handiko ekintza izaten da Abordatzea Aste Nagusi Pirataren barnean; atzokoan 1.500 parte hartzaile inguru izan ziren txalupak prestatu eta «Jauntxoen Donostia» abordatzen. Palestinarekiko elkartasunezko keinu eta aldarriz bete ziren kaia eta txalupak eta giro ederrean igaro zen eguna.

Atzo egin zuten Abordatzearen 22. edizioa Donostian. Ekitaldi arrakastatsua izan zen aurten ere, jendetza bildu zuena.
Atzo egin zuten Abordatzearen 22. edizioa Donostian. Ekitaldi arrakastatsua izan zen aurten ere, jendetza bildu zuena. (Idoia ZABALETA - Andoni CANELLADA | FOKU)

Donostiako piratek Kontxa abordatu zuten atzo beste urte batez. 22. edizioa izan zen aurtengoa; 1.500 lagun 250 txalupatan. Goizean goizetik hodeiak eta itsasoratu zirenerako euria; itsasbehera, haizea alde eta ura 23,5 graduan, Donostiako suhiltzaileek jakinarazi zutenez. Horiek datu meteorologiko objektiboak, eta zenbaki ofizialak; Abordatzean klima propio bat sortzen da, ordea, eta ezkutuko beste zenbaki «ez ofizial bat»: 100 boluntario «auzolanari tiraka».

Kofradia bakoitzaren txalekoa izan ohi da Donostiako piraten ezaugarri nagusietako bat; bakoitzak du bere kolorea eta bere marrazkia, esanahiarekin batera, noski. Atzoko egunean, ordea, goizean goizetik beste txaleko batzuk nagusitu ziren hiriburuko kai inguruan: txaleko islatzaile horiak. Izan ere, egitarau pirataren mugarri garrantzitsua izan ohi da urtero Abordatzearen eguna, oihartzun handia izaten du, Euskal Herriko hamaika txokotako kuadrillak iristen dira parte hartzeko, eta, ondorioz, antolakuntza lan handia izaten da atzean.

Goizeko 7.30ean elkartu ziren muntaketa lanetarako, GARAri antolatzaileek azaldu ziotenez, nahiz eta parte hartzaileak 9.00etan iritsi, eta 17.00etarako «nekatuta baina gogotsu» zeudela aitortu zioten. Gainera, igande gauean, eguraldi txarra zela-eta, Flamenkako kontzertuak bertan behera utzi behar izan zituzten, eta hori inoiz ez da gustagarri. Astelehenari gogoz ekin zioten, halere.

Goizean hiru txanda egin zituzten txalupen muntaketarako; flotagailuak, paletak, makilak, soka eta zakuak zituzten oinarri gisa ia txalupa denek, baina egon zen goizean goizetik irudimena martxan jarri eta puxikekin apainketak egin zituen piratarik ere. Bazkalordurako guztiak kaian pilatu zituzten, eta Bazkari Piratara joan ziren parte-hartzaileak.

Orotariko aldarriak zituzten kaian geratu ziren txalupek; ikurrinak eta Palestinako banderak ziren nagusi besteen artean, baina euskal presoak etxeratzearen aldekoak ere bazeuden, eta “Erraustegia gelditu” zihoen pankarta handi bat ere bai.

GUZTIA PREST

15.30erako urduritasuna sumatzen zen kai inguruan; Flamenkan bazkariko azken hondarrak jasotzen ari ziren bitartean. Portuko lasaitasuna aprobetxatuz gazte kuadrilla bat hurbildu zen txalupen ingurura, eta itxaropentsu begiratzen zioten beraienari; ez zegoen hondoratuta eta hori bera ez omen zen «gutxi», beren esanetan.

Errenteriako gazte kuadrilla bat lehen aldiz atera zen atzo Abordatzean; «gure helburua Kontxara lehenak iristea da», esan zuen batek, eta argitu zuen gogor arraun egiteko prest zeudela beren helburua lortzeko, «besteei txalupa lapurtu behar badiegu ere». Palestinarekiko elkartasuna adierazten zuen bandera bat zuten eskuetan.

Argia izan ohi da Abordatzearen ibilbidea: kaitik abiatu eta Kontxara iritsi, hiriburua abordatu dutela irudikatuz. Urteren batean eguraldi txarragatik kaitik atera ezinik geratu izan dira, baina giro ona izan zuten aurten, eta antolatzaileek helmuga hondartza izango zela argitu zuten egunaren hasieran.

Gazte talde batean, ordea, Kontxaren ordez Santa Klara uhartea abordatzea hobe ez ote zen sortu zen eztabaida. Uhartera desbideratzeko argudioak pilatzen hasi zitzaizkien, baina azkenerako batek gogorarazpena egin zuen: «Kontxara iritsi behar dugu, eta ahal bada txalupa galdu gabe!».

Izan zen atseden hartzeko tarterik hartu ez zuen festazalerik ere, Gasteizko jaiak bukatu berritan, Donostia abordatzera joan baitzen gasteiztar talde bat.

Iaz baino parte-hartzaile gehiago elkartu ziren aurten, eta ikusleak urtero bezain leialak izan ziren. Izan ere, parte hartzaileentzako ez ezik, ikusleentzat ere jarduera dibertigarria da Abordatzea. Arratsaldeko lehen ordurako beteta zegoen kai ingurua, baita Urgullerako bideko pasealekua ere, eta hondartzan piraten zain zegoen ikuslerik ere bazen. Lehen ilaretan haurrak zeuden, begiak zabal-zabal. Horien txanda ostiralean izango da; arratsaldeko lauretan egingo dute haurren abordatzea.

LEHEN LERROAN GOGOTSU

Kolore guztietako piratak elkartzen hasi ziren 16.30 pasatuta kaiko arrapalan. Kuadrillakoak direla adierazteko kolore bereko kamiseta zuten batzuek atzean beren izena jarrita, euskal presoen etxeratzea aldarrikatzen duen kamiseta beste batzuek, eta pirataz mozorratu zenik ere izan zen atzoko ekimenean.

Barrexerkako kideek zuzeneko emanaldia egin zuten kaian. Beraiek eman zituzten argibideak eta behin eta berriro errepikatu zuten elkar errespetatuz jokatzeko, laguntzarik behar izatekotan txaleko horidunei abisatzeko lehenbailehen eta ongi pasatzeko. Beroketak musikak lagunduta egin zituzten.

Abordatzea hasi aurretik Palestinaren aldeko pankarta erraldoia ireki zuten Aquarium gaineko balkoitik, txalo artean. Izan ere, jai giroan Donostiako Aste Nagusian aldarriei leku egitea izan ohi da piraten eginkizunetako bat.

Arrapalako lehen lerroetan gazteenak jarri ziren, gogotsu, Ezkila kapitainak eta Mattik suziria botatakoan korrika beren txalupara igo eta Kontxara abiatzeko lekurik onenaren bila. Atzerago zeuden beteranoak, lehen ilaran egoteak Kontxara iristeko bermea ez duela ematen jakitun-edo.

17.00etan bota zuen suziria Mattik -aurten Kaleko Afari Solidarioetako kideak dira festaren ikur-. Eta korrika abiatu ziren pirata guztiak. Urtero bezala, “Donostia abordatu” jartzen zuen pankarta igo bezala hustu zen arrapala. Suziria entzun ondoren abiatu ziren batzuk; mikrofonotik «beteranoenak» zirela esan zuten, eta txalupari eta pazientziari begiratuta, behintzat, frogatu zuten hori; izan ere, hamar lagunen artean kaian zegoen txaluparik handiena egin zuten; halere, nahikoa lan izan zuten lehorrera iristeko.

Prestaketa lanak egin bitartean ateri eutsi zion arren, piratak itsasoratzearekin batera hasi zuen euria. Hori ez zen oztopo izan, ordea, piratentzat, eta heldu ziren Kontxara, gutxi batzuk txalupa gainean, asko txalupa zatiak eskuan eta beste batzuk igerian.

Lanak ez ziren hondartzara iristean bukatu, ordea. Donostiako piratek ahalegin berezia egin ohi dute zenbait balio hirian zabaltzeko, eta horietako bat da erabilitako materiala berrerabilgarria izatea edota birziklatzea. Horregatik, Kontxara ailegatu eta lan horiek amaitu zituzten piratek, berriro ere txaleko horidunen txanda baten laguntzaz hiria zein itsasoa ahalik eta txukunen uzteko. Lan horiek amaitu orduko, txarangak lagundurik itzuli ziren Flamenka gunera, iluntzea, kaleak eta Donostia osoa abordatzeko asmoz.