GARA
BILBO

Copec-ek erosi du Cepsaren butano, propano eta autogasaren negozio zati bat

Cepsak Estatu espainolean eta Portugalen duen butano, propano eta autogasaren txikizkako negozioa saldu dio Copec enpresa txiletarrari 275 milioi euroren truke, bi konpainiek berretsi zutenez. Gasib España eta Gasib Portugalek kudeatzen zuten negozioaren %100; beraz, talde txiletarraren Abastible filialak hartuko du aurrerantzean.

Akordioaren arabera, Copec-ek butanoa, propanoa eta autogasa Cepsa markarekin saltzen segitu ahal izango du, eta mantendu egingo ditu enpresa espainolak hornitegiekin dituen kontratuak ere.

Maarten Wetselaar Cepsako kontseilari ordezkariak adierazi zuen operazio hau pauso bat gehiago dela taldea «trantsizio energetikoan erreferente bilakatu dadin, energia jasangarrien inbertsioak sustatuz». Zehaztu zuenez, 2030erako Cepsaren jardueraren «erdia baino gehiago» energia jasangarriarekin egin dadin nahi dute.

Gasib España gas likidotuaren sektoreko enpresa garrantzitsuena da Estatu espainolean, eta Gasib Portugal bosgarrena bere herrialdean. Konpainia hauek Merkatu Iberikoa, Kanariak, Ceuta eta Melilla hornitzeko gaitasuna dute, urtean 240.000 tona inguruko salmenten bitartez.