GARA
DONOSTIA

Lur-1 «lehen euskal satelitea» jaurti dute, irudiak hartzeko betekizunarekin

AVS konpainiako Lur-1 izeneko satelitea jaurti zuten atzo, 21.00ak aldera. Sateliteak bost urtez Lur planetako kalitate handiko irudiak egingo ditu eta, lanak bukatutakoan, desorbitazio prozesua hasiko du. Proiektuaren asmoetako bat da Euskal Herriko geografia zehaztasunez aztertzea. Lortutako irudiak bertako ikerketa zentroen esku utziko dituzte.

Lur-1 satelitea, atzo, Ameriketako Estatu Batuetako Vandenbergen basetik jaurti zuten.
Lur-1 satelitea, atzo, Ameriketako Estatu Batuetako Vandenbergen basetik jaurti zuten. ((AVS))

Elgoibarren sortu zen AVS (Added Value Solutions) euskal konpainiak egindako lehenengo satelitea orbitan jarri zuten atzo. Jaurtiketa Ameriketako Estatu Batuetako Indar Espazialak Vandenbergen (Kalifornian) duen basetik egin zen, Euskal Herrian 20.18ak zirenean. Lur-1 izeneko satelitea Elon Musk enpresaburuaren SpaceX konpainiak sortutako Falcon 9 kohetean ontziratu zuten, eta 500 kilometro inguruko distantzia lortu zuenean, Lur planetako gainazaletik orbitatzeko askatu zuten.

Duela bi urte Urdaneta izeneko satelitea orbitan jarri zuten, Leioan egoitza duen Satlantis konpainiaren ekimenez, beste eragile batzuekin partekatutako egitasmoan. Oraingo honetan, satelitea goitik behera Euskal Herrian egina dela nabarmendu dute.

Satelitea sortzen lan egin dutenek Gasteiztik jarraitu zuten espazioratzea, Miñanoko Parke Teknologikotik, hain zuzen. AVSko kudeatzaile eta fundatzaile Miguel Angel Carrera, aldiz, Kaliforniara joan zen, jaurtiketa zuzenean ikustearren. Mugarritzat jotzen duten gertaera hau ikusteko aukera munduko beste pertsona batzuek izan dute, SpaceX konpainiak sortu eta partekatu zuen esteka baten bidez.

Cristina Ortega AVS espazioko zuzendariak EiTBri emandako elkarrizketa batean esan zuenez, espazioratzea arrakastatsua izateko ehunka faktore desberdin kontuan hartu behar izan zituzten. Gauza ugarik huts egin zezaketen, satelitea daraman kohete balbula, sentsore, software, erregai eta sistema aldetik oso konplexua baita.

Meteorologia ere kontuan hartzekoa zen, izan ere, ekaitza izatekotan jaurtitzea zaildu zitekeen. «Denak bikain joan behar du. Une oso delikatua da», adierazi zuen Ortegak.

SATELITEAREN ITUA

Lur-1 sateliteak 515 kilometroko altueran orbitatuko du Lur planetaren gainazaletik, zazpi kilometro segundoko abiaduran. Horrela emango ditu hurrengo bost urteak, bere erabilgarritasuna mantentzen den bitartean. Kalitate eta bereizmen handiko irudiak egitea da satelitearen helburu nagusia. «Beste satelite batzuekin orain arte egin ezin izan diren gauzak egin daitezke. Copernicus programak, besteak beste, 50 metrorainoko zehaztasuna du gehienez», agertu zuen AVS espazioko zuzendariak.

Aldiz, Lur-1 sateliteak metro eta erdiko zehaztasunarekin atera ahal izango ditu mundu osoko argazkiak. Bertan ibaiak, kostaldeak, mendiak eta basoak ikusteko aukera egongo da. Proiektu honen asmoa Euskal Herriko geografia zehaztasunez aztertzea da, eta satelite berriaren teknologiak «neurketak egiteko eta orain arte egin ezin izan den ikerketa egiteko aukera emango du», azaldu zuen. Horrez gain, lortzen diren irudiak euskal erakunde eta ikerketa zentroen eskura jarriko dituzte.

AITZINDARIA IRAUNKORTASUN ESPAZIALEAN

Urtero satelite ugari espazioratzen dira eta denak Lurraren gainazalean bueltaka aritzen dira betiko, baita eraginkortasuna galtzen dutenean ere. Egoera horrek zakar espaziala pilatzea eragiten du eta Europako Batasunak ahal den heinean saihestea eskatu du.

Baina Lur-1 sateliteak kalitate handiko argazkiak ateratzeko gaitasuna izateaz gain, desorbitazio gailu bat instalatuta darama. MICE da horren izena eta espazioa jasangarriagoa izateko diseinatua izan da. Berritasun horrek Lur-1 lehenengo satelite desorbitatzailea bihurtzen du, Europaren eskaerekin bat eginez.

Bost urteko epea amaiturik, bere orbita espazialetik aterako da, ondoren berriz atmosferan sartzeko, eta bertan desegingo da. «Lur-1 honek funtzio garrantzitsua betetzen du etorkizunean iraunkortasun espaziala lortzeko aukera dagoela erakusten», erantsi zuen Cristina Ortegak.