GARA
IRUÑEA

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko onkologia zerbitzua saritu dute

Quality Oncology Practice Initiativa ziurtagiria eskuratu du Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Onkologia Medikoko zerbitzuak. Minbiziaren tratamenduarengatik egin dioten nazioarteko aitortza da, aditu talde batek zerbitzuaren bikaintasuna ziurtatu ostean.

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ordezkariak, ECO Fundazioko aditu taldearekin batera.
Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko ordezkariak, ECO Fundazioko aditu taldearekin batera. (NAFARROA.EUS)

Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Onkologia Medikoko Zerbitzuak QOPI (Quality Oncology Practice Initiative) ziurtagiria jaso du, minbiziaren tratamenduan duen bikaintasuna aitortzen duen nazioarteko ziurtagiria, hain zuzen ere. Euskal Herrian ziurtagiria eskuratu duen zerbitzu bakarra da.

Akreditazioa ECO Fundazioak eta Onkologia Klinikoko Amerikako Elkarteak ematen dute, eta zerbitzu horrek bikaintasunarekin eta minbizia duten pazienteen tratamenduan asistentzia kalitatea etengabe hobetzearekin duen konpromisoa aitortzen du, Nafarroako Gobernuak ohar batez aditzera eman zuenez.

Ziurtagiria hiru urterako ematen da, eta handik aurrera berritu egin behar da. Hau da, denbora tarte horretan zerbitzuaren kalitatea mantendu edo hobetu ezean, ziurtagiria galdu lezake Nafarroako Unibertsitate Ospitaleak. Zerbitzu horren tratamendu-eremuetako asistentzia jarduera baloratu eta ebaluatu ondoren egin diote aitortza.

Horrela, ezagutarazi zutenez, aztertu dituzten eremu horietan guztietan kalitate estandar altuenak antzeman dira, besteak beste, tratamendu plangintza, profesionalen prestakuntza, ospitaleko farmaziako taldeak medikazioa eta kimioterapia behar bezala prestatzea, azken hori behar bezalako segurtasun baldintzez ematea, gaixoei emandako informazioa eta haien ongizatearen zaintza eta monitorizazioa.

Aitortzarekin «oso pozik» agertu zen Ruth Vera doktorea, Onkologia Medikoko Zerbitzuko burua. Halaber, nabarmendu zuen lorpen hori «bat datorrela Nafarroako Ospitale Unibertsitarioak asistentziaren bikaintasunerako eta kalitaterako bidean duen estrategiarekin, ospe handiko erakundeen akreditazioak berretsia».

Ziurtagiria jasotzeko, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean hartu zituzten Onkologia Klinikoko Amerikako Elkarteko auditore delegatuak, hots, ECO Fundazioa, estatu mailako laguntzaile gisa.

Ikuskatzaileek kimioterapiako preskripzioak, horien prestaketa eta ematea behatu dituzte eta, horrez gain, prozesuak, horietan inplikatutako langileen prestakuntza eta zenbait gaixoren dokumentazio klinikoa berrikusi dituzte, betiere haien baimena izan ondoren.

300 OSPITALETIK GORA

Mundu mailan, Estatu Batuak, Brasil, Grezia, Errumania eta Saudi Arabiaren artean 300 ospitale baino gehiagok lortu dute zigilua. Estatu espainola da akreditatutako zentro gehien dituen bigarren herrialdea munduan.