Herioztea
Monica Bellucciren ondoan, “Paradis Paris” aurkezten oroitzen dut Marjane Satrapi «On ne peut pas évoquer la vie sans évoquer la mort» erraten. Ezin dugula bizitzaz hitz egin heriotzaz hitz egin gabe, alegia; ezin dugula bizitza bere osotasunean ekarri, tanpez hura hautsiko duen heriotza aipatu gabe, horra gure eguneroko eder honen errealitate tristea. “Persepolis” maisulanaren sortzailearen hitzak entzutea maite dut, beti ari baita zentzuz hizketan, arrangura sortzen duten gaiei erantzun bat ematen. Persiako hiria etortzen zitzaidan “Persepolis” entzunda; eleberri grafikoa irakurri ondoan, ordea, maitasunak beti irabaziko diola gerrari, lagunaren beso artean baizik ez zarela babesean sentitzen, edo iraultza egiteko denok parte hartu behar dugula etortzen zait beti. Izaten dira sorkuntzak, gugan bizitzera heldu zaizkigunak. Asturiasko Printzesa Saria jasotzen entzun dut Satrapi, «L’homme seul ne survit pas dans la nature...» eta to! Humanitateaz, edo humanitate gabeziaz, zertaz ari zen pentsatzen nengoela, ugaztunak garela erran du, gizona aipatu du zehazki, emea, bere bikotekidea hiltzen duen ugaztun bakarra dela argitzeko. Hortxe gelditu naiz hitzik gabe, guk, eta «guk» horretan gizon guztiak kabitzen garela erranda, heriotza ailegatu baino lehenago, zenbat bizitza heriozten dugun ohartuta.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
