Hamabi greba egun Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan
LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek mobilizazioetara eta greba egunetara deitu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko langileak, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun». Guztira, hamabi greba egun izango dira.

LABek, Steilasek, ELAk eta CCOOek hamabi greba egunera deitu dituzte EAEko hezkuntza publikoko langileak, «lan baldintzak hemen eta orain erabaki ditzagun». Hezkuntza publiko ez unibertsitarioko irakasleen kasuan, urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26an eta 27an greba egingo dute. Haurreskola Partzuergoko zentroetan urtarrilaren 28an eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an izango dira greba egunak. Sukaldariek eta garbitzaileek urtarrilaren 30ean eta 31n eta otsailaren 19an eta 20an egingo dituzte lanuzteak.
Sindikatuek Hezkuntza sailaren jarrera kritikatu zuten: «Hezkuntzako langileon lan-baldintzak okertzen ari dira, Hezkuntza sailak erabakiak aldebakarrez hartzen dituelako». Halaber, sailari leporatu zioten negoziazioak «etengabe» luzatzea, eduki «esanguratsurik gabe».
«Irakasleen hitzarmena 2010etik berritu gabe dago, sukalde eta garbiketako langileena zein Haurreskola Partzuergokoena, berriz, 2009tik», adierazi zuten. Hezkuntza sailak hitzarmen hauek berritzeko pausorik eman ez izanarekin kritiko agertu ziren. Hezkuntza Publikora bideratzen diren baliabide ekonomikoak «handitzeko momentua» dela esan zuten, «eta langileon eskubideen urraketa gelditzeko unea».
Greban langile mota bakoitzak aldarrikapen propioak ditu, baina, sindikatuen arabera, badaude amankomunak diren zazpi aldarrikapen: «Gero eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatu eta lanpostuak egonkortzea».
Horrez gainera, Hezkuntza publikoa osotasunean euskaldunduko duten politikak galdegin zituzten, bai eta ere «langileon lan osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
