Bi euskal lehiakide Top-5ean, Munduko Kopan

Mendiko eskiko nazioarteko lehiek neguko denboraldiari hasiera eman diote. Hain zuzen ere, Courchelvalen (Estatu frantsesa) lehen proba jokatu zen joan den asteburuan. Bi modalitate izan zituen: esprinta eta bertikala. Eta bietan ala bietan, espainiar federazioarekin ari diren bi euskal eskiatzaile onenen artean izan ziren: Iñigo Martinez de Albornoz eta Malen Osa.
Azken urteetan Martinez de Albornoz donostiarrak erakutsi du esprinteko modalitatean espezialista handia dela. Osak, berriz, bertikalean hartu zuen parte; lehen aldia zuen Munduko Kopan oñatiarrak. Biek ala biek bosgarren amaitu zuten.
Lehiatzen aurrenekoak esprinteko espezialistak izan ziren. Sailkapen txandetan lainotsu egon zen, baina finalean elurte trinko bat jasan zuten. Martinez de Albornozek lan bikaina egin eta azken fase horretako txartela erdietsi zuen. Oriol Cardonak erakutsi zuen egungo espezialista sasoikoenetako bat dela. Itzuli bakoitzean oso fin ibili zen, eta horri esker katalanak garaipena lortu zuen Arno Lietha suitzarra eta Thibault Anselmet frantsesaren aurretik, hurrenez hurren. Martinez de Albornoz podioumetik zazpi segundora geratu zen.
Emakumeen kategorian ere faboritoak lehenengo postuetan sailkatu ziren. Emily Harrop frantsesarentzat izan zen urrea, Marianne Fatton suitzarraren eta Margot Ravinel herrikidearen aurretik iritsita, hurrenez hurren.
OSA, BERTIKALEAN
Bertikaleko modalitatean, nesken mailari dagokionez, Axelle Gachet frantziarrak egundoko erakustaldia eman zuen. Bigarren sailkatu zen Emily Harrop herrikidea, eta Sara Dreider austriarrak, berriz, hirugarren postua lortu zuen.
Malen Osak Munduko Kopan lehen aldia zuen eta maila aparta erakutsi zuen. Iaz «ezustean» Espainiako Txapelketa eraman zuen eta Courchevelen mendiko eski modalitatean ondo moldatzen dela erakutsi zuen, bosgarren geratuta.
Mutiletan Remi Bonnet suitzarra izan zen azkarrena; Aurelien Gay suitzarra, bigarren eta Xavier Gachet frantsesa, hirugarren.
2026an Milan-Cortinan jokatuko diren Neguko Olinpiar Jokoetan mendiko eskiak lekua izango du lehenengoz. Europako eskiatzaileentzat 36 txartel egongo dira jokoan.

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
