Elkartasunari debeku eta mugak, segurtasunaren aitzakian
Delinkuentzia eta segurtasun eza argudiotzat hartuta, herritarren elkartasunetik sortutako Kaleko Afari Solidarioak galarazi ditu Donostiako Udalak Egia auzoan, segurtasun handiagoa eskatzeko elkarretaratze batean izandako tira-biren ondoren.

Muturreko pobrezian eta bazterkerian 300 pertsonatik gora bizi dira Donostian, gizarte zerbitzuak gainezka daude eta kalean bizi direnen aurkako jazarpena areagotzen ari da. Hala salatu zuten Kaleko Afari Solidarioak (KAS) eta Hiritarron Harrera Sarea ekimenek beste 21 elkarteren babesarekin uztailean egindako agerraldian. Kalean bizi edo baliabiderik ez dutenei laguntzeko 2021ean abiarazitako elkartasun egitasmoak 200 afari bero baino gehiago banatzen ditu egunero, eta kezka adierazi zuten gero eta gehiago izanik jaso nahi zutenak. Egoera horren aurrean, Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zieten, murriztu beharrean, gizarte politiketan sakontzeko.
Eskatutakotik urruti, hiru hilabete geroago, bere jardunaren aurkako erabakia hartu zuen Udalak, hiriko hiru banaketa puntuetako bat debekatuz. Gertaera segida honakoa izan zen. “Lo que no te cuentan de Donosti” taldeak sare sozialen bidez elkarretaratzea deitu zuen urriaren 21ean, Egia auzoan «segurtasun handiagoa» eta «delinkuentzia murriztea» eskatzeko.
Arazoa afari solidarioekin lotu zuten, haiek banatzen zituzten leku eta ordu berean egin baitzuten baimenik gabeko ekintza. Parte hartu zutenen artean PPren hiru udal zinegotziak zeuden. Protestaren berri izanda, istiluak saihestu eta beren jarduna bermatzeko, banaketa ordu erdi aurreratu bazuten ere, ika-mikak eta tentsio uneak izan ziren, eta KASen aldeko sei pertsona identifikatu zituen Ertzaintzak. Bi egun geroago, Udaltzaingoak ahoz jakinarazi zion boluntario taldeari udalak afari banaketa debekatu zuela «segurtasun arazorik» egon ez zedin.
ARRAZOI EDO ZURIBIDE
Martin Ibabe Hiri Segurtasun zinegotziak argudiatu zuen segurtasuna zela arrazoi bakarra eta janari banaketarekin loturarik ez zuela, izan ere, 2022an gune horretako delituak %29 hazi ziren, 2023an %16, eta aurtengo lehen seihilekoan 600 jarduketa egin zituen poliziak. Udaleko EH Bilduko kide Juan Karlos Izagirrek neurria «bidegabea» izateaz gain, «gizatasunik gabekoa» zela adierazi zuen, «are gehiago alternatibarik eskaintzen ez denean».
Herritarren babesa ere jaso zuen KASek. Bi mila pertsona baino gehiagok parte hartu zuten “Elkartasunari debekurik ez!” lelopean udalaren betoa gaitzesteko Egiatik udaletxeraino joan zen manifestazioan. Faxismoak eta arrazakeriak izandako gorakadaz ohartarazi eta sektore pobretuenen eta pertsona arrazializatuen kriminalizazioa gaitzetsi zuten. Calat33 artista perutarrak elkartasun keinu gisa, KASen logoa marraztu zuen Kontxako hondarretan.
Hurrengo egunean, lehen elkarretaratzetik astebetera eta leku berean, Hiri seguruago baten alde lelopean beste mobilizazio bat burutu zuten. Beste bi ere deitu zituen hurrengo bi asteetarako, bata Anoetako topo geltokian eta bestea Konstituzio plazan, alegia, afariak banatzen dituzten beste bi lekuetan, antza, horiek ere debeka zitzaten. Azaroaren 16an Easo plazan egindako mobilizazioan izandako iskanbilen ondoren, bertan behera utzi zituzten protestak.

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
