HAMAIKA AHALEGIN, GAZTEEN EKARPENA BALIOETSI, BABESTU ETA HAUSPOTZEKO
Gipuzkoa bidezkoago, sortzaileago, ikasiago eta iraunkorragoa erdiesteko bidean, ezinbestekoak dira gazteak. Horrexegatik, Kutxa Fundazioak lurraldeko talentu gazte eta konprometitua saritzen du, etorkizuneko belaunaldientzat erreferente bilaka daitezen. Horretarako, hainbat proiektu bultzatzen ditu zenbait arlotan nabarmentzen direnen jarduna aitortzeko, babesteko eta sustatzeko.

Gipuzkoako gazteria funtsezkoa da lurraldearen eraldaketa sozial eta kulturalerako, eta, hortaz jabetuta, Kutxa Fundazioak arteen, humanitateen, kulturaren eta ezagutzaren eraikuntzan dihardutenak babestu nahi ditu. «Aspaldi konturatu ginen Gipuzkoan alor desberdinetan talentu asko zegoela, baina batzuetan hori aurrera eramateko aukera gutxi ere», adierazi du Kutxa Fundazioko Miren Karmele Gomezek.
Erronka garrantzitsuei erantzunez egiten duten ekarpena balioetsi eta sortzaileen lanari prestigioa emateaz gain, aurrera jarraitzeko dirua, lekua edo ezagutza ematen die. Diziplinaren arabera, eskarmentu zabaleko adituek osatutako epaimahai batek aukeratzen ditu, eta, egiten dutenarekin batera, balioak ere kontuan hartzen dituzte, bereziki, hizkuntza -euskara lehenetsiz- eta parekidetasuna.
Ingurunean aldaketa esanguratsuen bultzatzaileak aitortzeko, Inspira Gaztea Sariak ditu. Ingurumen Ekimena, Hezkuntza Berrikuntza, Ezagutzaren Sustapena, Gizarte Ekimena eta Ekintzailetza arloetan nabarmendutako 20-30 urteko bost gazteren ibilbidea eta eredu izateko gaitasuna aintzatesten dute, eta aurrera egin dezaten 15.000 euroko sari bana ematen die. 2025eko deialdia otsailaren 3tik martxoaren 23ra bitartean zabalik egongo da.
Egiten dutena txalotzeaz gain, eraldaketa eragile izan nahi dutenei prestakuntza eta baliabideak ere eskura jartzen dizkie. Gazte Ekoliderrak programak urtero 20 gazte hezten ditu lidergoan eta iraunkortasunean, aktiboki aurre egin diezaieten ingurumen eta gizarte erronkei.
SORMENAREN ERAKUSLEIHO
Kultura eta sormen eragileak indartzeko, berriz, Sorlekua programa du. Proiektu bideragarri, iraunkor eta berritzaileak bultzatzen ditu mentoretza, 18 hilabeteko heziketa eta 10.000€ arteko laguntza bidez. Bestalde, Balenciaga Museoarekin batera, tokiko moda lehiaketa aurrera darama. Sormen arduratsua, iraunkortasuna edo originaltasuna ardatz hartuta aukeratutako hiru proiektuk museoan gauzatzen den Moda Astean desfilatzen dute.
Arte Ederren arloan bi ekimen ditu. San Telmo Museoarekin elkarlanean, Artea Abian. Ibilbide profesionalaren hastapenetan egonda, eskarmentu nahikoa duten artistei lehen erakusketa indibiduala atontzeko baliabideak eta laguntza ematen dizkie. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, berriz, Kutxa Fundazioa-Gordailua beka. Ondarearen kontserbazio-zaharberritzearen arloko prestaketa eta ikerketa sustatzen ditu, jardunbide jasangarriak ezartzen laguntzeko.
Kutxa Fundazioak literaturarekin duen lotura sendoaren adierazle nagusiak dira Irun Hiria eta Donostia literatura sariak. Literatura sorkuntza sustatu nahi dute, nagusiki, idazle amateur gazteengan. Olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia modalitateetan parte har dezakete, bai euskaraz bai gaztelaniaz.
OHOLTZA EKLEKTIKOA
Musika eta arte eszenikoei dagokienez, Aldundiarekin ardura partekatua duen Katapulta Tour Gipuzkoa programak plataforma bat eskaintzen die talentu berriei profesionalizaziora bidean. Fundazioak zenbait arlotako formakuntza -komunikazioa, sustapena, eszenografia, fiskalitatea, ekoizpena...- eta Tabakalerako Kluba aretoan saioa egiteko aukera ematen die.
Halaber, Bidean Produkzioak ekoiztetxearekin batera, Gipuzkoako Ahotsak eta Bizi ala Iraun kontzertu zikloak antolatzen ditu. Lehenak, talde edo bakarlari amateur eta esperientziadun bana elkartzen ditu kontzertu bikoitz batean; bigarrenak, musika herrikoia, folklorea, sustraiak... eta soinu berriak uztartzen ditu. Dantz-ekin batera duen Natura Elektronikoa zikloak, berriz, musika garaikidearen mugak aztertzen ditu. Era berean, Ganbera Musika Talentu Berriak zikloak eta Tokiko Talentuak Jazzaldia lehiaketek ere musikari gazteei erakusleiho bat eskaintzen die.
Horiez guztiez gain, espazioa utzi edo ekonomikoki lagunduta, «gazte proiektu ahalik gehienetan inplikatzen gara», laburbildu du Gomezek.

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio
