Hegoi BELATEGI
AZPEITIA
Entrevue
ALEX TXIKON
Alpinista

«Aukera gutxi ditugu, baina ahalik eta gehien aprobetxatuko ditugu»

Euskal Herrira egindako bidaia azkarrean, Annapurna igotzeko martxan duen bigarren neguko espedizioaz aritu da Alex Txikon alpinista (Lemoa, 1981) NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan. Himalaiara itzuli aurretik egin du hitzordua; izan ere, Eguberri egunean abiatu zen berriro Nepalerantz, Katmandura zehazki, erronkari aurre egiteko.

(NAIZ IRRATIA)

 

Annapurna helburutzat hartuta hainbat astez Himalaian aklimatatzen ibili ostean (tartean Ama Dablam sei milako ospetsuan), egun gutxiko bidaia egin du Euskal Herrira Alex Txikon alpinistak. Nepalerako hegazkinean berriz ere igo arteko leihotxoa baliatuz, Azpeitiko Mendietxe Museoan eman du hitzordua, Annapurna neguan igotzeko bigarren saiakeraz hitz egiteko.

Nolakoa izango da jarraituko duzuen plana?

Behin Nepalen gaudela, hegazkin txiki bat hartuko dugu Pokharara, eta hurrengo egunean goizeko 4.00 inguruan kotxean abiatuko gara 3.000 metrotara igotzeko asmotan. Gero, oinez jarraituko dugu, behe kanpalekura iristeko.

Interesgarria da: kanpaleku nagusira iristeko azken urteetan sortu dituzten zentral hidroelektrikoak direla-eta, arroila batean bide bat sortu dute eta horrek ibilgailuan ia 3.000 metro igotzeko aukera ematen du. Ibilgailutik atera eta 11 kilometro eskas egin behar dira behe kanpalekura ailegatzeko. 2010. urtean ibilbide berbera gauzatzeko bost egun behar izan genituen, eta orain bost ordutan egin daiteke. Horrela, espedizio bizkorra egin nahi dugu, diruz larri gabiltza eta hilabete eskas egoteko aukera soilik daukagu.

Annapurna «hiltzaile isila» izenez ezagutzen da, hilkortasun tasa handiena duen zortzimilakoa delako. Errespetu handia sorrarazten duen mendia da, ezta?

Ez nuke esango mendi hiltzailerik dagoenik, geu gara guztiz itsu mendi barnera sartzen garenak; askotan presioarengatik izan daiteke. Horregatik, guk ez dugu inongo espektatibarik ez presiorik, egunez egunekoa aprobetxatu nahi dugu. Aukera gutxi ditugu, baina aukera horiek ahalik eta gehien aprobetxatuko ditugu.

Badirudi batzuetan mendizale askoren helburu bakarra tontorra zapaltzea izaten dela, baina tontorrik gabe ere ikasketa prozesu sakon bat egin daiteke.

Bidean egiten ditugun akats eta ezbeharrak etorkizunean arrakasta bihurtzen dira. Ikasi beharra daukagu bidea lana dela eta bidean topatzen ditugun oztopoei aurre egin behar zaiela, gure motibazioak aurrera ateratzeko asmotan.

Sokalagun izango dituzu Matia Contte italiarra, Waldemar Kowalewski eta Sajid Sadpara. Nola ikusten dituzu datorren erronka berriari begira?

Bai, hori da. Sajidetik hasita, esan beharra dut hilabete osoa batera igaro dugula aurreprestaketan. Aita hil eta gero familiako sostengu bihurtu da eta oso zentratua dago bere familia aurrera ateratzean. Horrez gain, hurrengo urtean argitaratuko den mendi filmik handienetarikoa izango den ekoizpena bukatu berri du. Kowalwskiri dagokionez, nahiko finkatua dago Nepal eta Pakistan artean, eta mendian %100 ematen du. Esperientzia dugu batera eta motibatuta ikusten dut, nahiz eta denboraz oso eskas dabilen. Matia Cotte, berriz, Nepalen dago orain gure zain, eskarmentu handiko mendizalea da.

Zure espedizioak maiz nabarmentzen dira kirolaz harago kutsu soziala izan ohi dutelako. Kasu honetan, helburu bezala zuen espedizioa ahalik eta jasangarriena eta garbiena izatea jarri duzue.

Bai, egia da ez dela erraza, eta guk ere, adibidez, erabiliko ditugun soka zaharrak bertan utziko ditugu. Beti saiatzen gara, ordea, garbiketa pixka bat eta ekarpen txiki bat egiten. Azkenean, gutxienekoa da eta gogo pixka bat jartzean baino ez datza.