Gazteei «errelato manipulatuak» ez sinesteko eskatu die Pradalesek
«Euskadi Berri batera bidea elkarrekin egitera» animatu zuen oro Imanol Pradales lehendakariak bere lehen urte bukaerako mezuan. Gazteei zuzendutako hitzaldia izan zen, eta eskatu zien «errelato manipulatuak eta konponbide magikoak» ez sinesteko.

Imanol Pradales lehendakariak euskal jendarteari «Euskadi Berri batera bidea elkarrekin egiteko» deia luzatu zion urte bukaerako mezuan. Bereziki gazteriari zuzendutako hitzaldia izan zen, eta «gaztaroa zuen modura» bizitzera animatu zituen, betiere, azpimarratuta «askatasuna» ez dela «bateraezina ardurekin».
Lehendakariak aitortu zituen «pertsona batzuek» lan on bat bilatzeko eta emantzipatzeko dituzten zailtasunak, baina «errelato manipulatuak eta konponbide magikoak» ez sinesteko eskatu zuen, argudiatuta «arazo konplexuak» ez direla «egun batetik bestera» konpontzen. Horrela, «pazientzia, itxaropena eta konfiantza» eskatu zituen, «Euskadirengan, baita zeuen buruengan ere», eta «mugarik gabeko etorkizun batekin amets egiteko» gonbita luzatu zuen. Halaber, autogobernuan aurrera egiteko asmoa agertu zuen Pradalesek, «bizi kalitatea» hobetzeko bide gisa.
ERREAKZIOAK
Gasteizko Parlamentuan ordezkaritza duten gainontzeko talde politikoek mezuari erantzun zioten. Horrela, Nerea Kortajarena EH Bilduren eledunak adierazi zuen «berdin jokatzeak ez dituela arazoak konponduko», eta lehendakariari «benetako konponbideak bilatzeko» eskatu zion, «ausardiaz eta «erretorika sinplea» alde batera utzita. Gaineratu zuen momentuz «irudi aldaketa» operazio bat baino ez dutela ikusten Lakuako Gobernuan.
Eneko Andueza PSEko idazkari nagusiak baieztatu zuen 2025a urte «oso garrantzitsua» izango dela EAErentzat, eta bere alderdiaren asmoen berri eman zuen, azalduz martxan jarriko eta indartuko dituztela herritarren «ongizatea hobetzeko pentsatutako politika asko».
PPko Javier de Andresek lehendakariari leporatu zion bere mezuan «europeismoaz» aritzea, «hemen batasunaren balioa defendatzen dugunok iraintzen gaituen bitartean».
Sumar Mugimenduko koordinatzaile orokorra den Alba Garcia ere kritiko agertu zen Pradalesekin. Izan ere, Garciaren aburuz, «zaharkitutako eredua» defendatu zuen lehendakariak eta, «etxebizitzaren dramari, lan arloko prekaritateari edo krisi klimatikoari» ez heltzearekin batera, gazteriarengan gai hauekiko «arduragabekeria» sortzen ari dela salatu zuen.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
