Iñigo ASENSIO
MIGRAZIO BIDE ARRISKUTSUAK

Dariengo oihanean barrena, etorkizun hobe bat amets

Kolonbia eta Panamaren arteko muga naturala da Dariengo oihana, baina horrez gain munduko migrazio bide arriskutsuenetakoa ere bada Ameriketako Estatu Batuetara iritsi nahi duten milaka migratzaile latinoamerikarrentzat. Lurralde horretan barneratu aurretik, testuingurua ezagutzen ari da Iñigo Asensio kazetaria, Bogotan.

Hainbat migratzaile Dariengo Lajas Blancas herrian kokatutako harrera zentrorako bidean.
Hainbat migratzaile Dariengo Lajas Blancas herrian kokatutako harrera zentrorako bidean. (Martin BERNETTI | AFP)

Urrearen Museoaren ondoan, Bogotan, kafetegi dotore batean kafea dekantatzen ari dira alanbikearen antzeko tresna batekin. Paradoxikoki, hainbat sistema garatu dituzte azken urteotan goraka egin duen eta era berean hiru mende dituen kafearen negozioan. “Tinto” tradizionalaren lekuan teknologia europar zein asiarrak agertu dira, eta Kolonbia hasi da, garapen horren ondorioz, betidanik esportaziorako izan den kalitatezko kafearen zati bat mugen barruan mantentzen. Herrialdearen mugen barruan bizi den ekonomia da hein handi batean Kolonbiakoa. Izan petrolioa, atzerritik datozen diru bidalketak, drogak edo pertsonen salerosketa, denak gertatzen dira mugaldeko politika nahasien baitan. Eta agian muga horietan korapilatsuena da Dariengo oihanean kokatzen den Kolonbia eta Panamaren artekoa. Ondo bidean, bizpahiru egunetan hura oinez zeharkatzen beharko nuke. Begia krisi migratorioan jarrita.

Kolonbiako “Eje Cafetero” (Kafearen Ardatza) delakoan aritu naiz Darienerako bidaia prestatzen. Pereiran. Eta azken egunotan Bogota hiriburuan. Ez dira migratzaileen bidearekin topo egiteko leku aproposenak. Baina muga hori oinez zeharkatzeko burokrazia motel doa, eta giro hauetan topatu dut ostatua. Gaia ondo ezagutzen duten lagun eta adituekin datorrena aurreikusten saiatzeko. Eta ingurune isolatu eta basatirako beharrezko material eta azpiegitura osatzeko. Baina gutxik ezagutzen dute zeharkaldia bera, eta urruneko kazetari batek hura zapaldu nahi izateak kezka sortzen dio hemen edonori. Baita neuri ere, eurena ikusita.

Munduko migrazio krisietan punturik zeharkatuenetakoa da Dariengoa. «El tapón del Darién» deitzen diote latinoamerikarrek. Edo «La selva», besterik gabe. Oihanetan oihanena hau balitz bezala. Akaso bada. Jaguarrak, pumak, sugeak… Amildegiak, aldats behera hilgarriak, gurutzatu beharreko ibaiak… Baina gizakiak egiten du, batik bat, arriskutsu Darien. Nekeak ere bai.

Ipar eta Hego Amerika banatzen ditu eskualde honek. Hain da basatia ingurua, ezen azken mendean hamaika azpiegitura garatzen saiatu badira ere, proiektu bakar batek ez baitu aurrera egin. Panamerikar errepideak zeharkatzen du kontinente amerikarra Alaskatik Buenos Airesera, Argentinako hiriburura. Salbuespen bakarrarekin: Darien. Eta oihana izan da kokaleku garrantzitsua Kolonbiako gatazka militarrean bai gerrillarentzat, baita honen aurka hainbat gobernuk garatu dituzten indar paramilitarrentzat ere. Haien arrastoak dira egun han topa daitezkeen indar paramilitar gehienak.

PARADIGMA ALDAKETA

2021ean ezagutu nuen aurrez aurre Latinoamerikako migrazio krisia. Mexiko iparraldeko Torreon hirian, Estatu Batuetako Eagle Pass hiriko mugatik 500 kilometrora, gizarte zibila antolatuta zegoen migranteei oinarrizko babesa, jana eta edaria emateko. Migrazio bide osoan topatzen dituzte jangela solidarioak, migratzaileen etxeak, trenbideetara hurbildu eta poltsak jaurtitzen dizkieten bizilagun taldeak… Batez ere, Mexikon gertatzen da hau. “La Bestia” trena, edo trenak -ez baita bakarra-, zeharkatzen dituzten milaka kilometroetan daude banatuta gizartearen babesgune hauek. 2021eko martxoa zen eta migratzaileek hainbat urte zeramatzaten migrazio-baldintza zehatz batzuetan bidaiatzen. Gehienak Erdialdeko Amerikatik zetozen -Guatemala, Honduras, El Salvador eta Nikaraguatik nagusiki- eta ia denak gizon gazteak ziren.

Azpimarratu behar da Ameriketako hainbat herrialdek beste modu askotan migratu dutela bestela ere. Euskal Herrian ere ikus dezakegu latinoamerikarren presentzia. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, atzerritarren ia erdiak dira latinoamerikar jatorrikoak. Baina lurrez egiten den migrazio masiboaz ari gara lerrootan. Hegaldi bat erosteko aukera ekonomiko zein administratibo eta legala ez duten milioika pertsonez. Eta helburu bera dute guztiek: Estatu Batuetara heltzea. “Amets Amerikarrak” bizirik dirau; soilik interesdun berriak ditu.

Paradigma aldaketa, beraz, 2021. urtearen bigarren lauhilekoan nabaritzen hasi zen. Migrazio ereduari dagokionez, aldaketa Venezuelari egozten zaio, batez ere. Familia osoak hasi zirelako bidaiatzen. Senar-emazte, seme-alaba -maiz haur oso txikiak-, aitona-amonak, lehengusua, koinata… Batzuetan baita etxeko animaliak ere. Baina eredu aldaketa honekin batera jatorri maiztasuna ere etorri zen. Erdialdeko amerikarren migrazioari hegoamerikarrena batu zitzaion. Venezuelarrak soilik ez. Haitiarrak, ekuadortarrak, kolonbiarrak, brasildarrak, txiletarrak, perutarrak eta beste hainbat tokitako herritarrak hasi ziren migratzen, baita herrialde hauetako batzuetara aurreko hamarkadan Afrikatik, Europatik eta Asiatik iritsi eta urte batzuen bueltan emari migratorio honekin bat egin zuten asko. Pandemiaren krisiak irentsi zituen, eta AEBra jotzea erabaki dute. Migrazioen jatorriaren eta migratzeko familia ereduaren aldaketa honek jarri zuen pil-pilean Dariengo oihana. Halaxe esan zidan migratzaile hegoamerikar batek iazko martxoan gaiari buruzko dokumentala ontzen nenbilela Mexikon. «Mexiko hilgarria da. ‘La Bestia’, polizia migratorioa, droga kartelak, federalak, bahiketak… Ia Darien bezain gogorra da, baina oihana zeharkatu duenak soilik daki bertan ikusten dena». Une hartan inoiz jakingo ez nuela pentsatu banuen ere, Dariengo zeharkaldiaren atarian naiz egun.

OIHANA ETA KOLONBIAKO GERRAREN ARRASTOAK

Lehen aipatu bezala, Kolonbia eta Panama batzen dituen oihana da migratzaile gehienentzat Ipar Amerikarako aukera bakarra. Arriskuz beteriko zeharkaldia da, baina bereziki paramilitarren eta talde kriminalen interesek arriskutsu egiten dutena. Bertako egoera ulertzeko, Guillermo Gartner irakaslearengana jo nuen orain dela egun gutxi. Alemaniar arbasodun militar ohia da. Baita Antioquia, Medellin eta Pereirako unibertsitateetako irakasle erretiratua. Filosofia marxistaren jarraitzailea, abokatua eta nazioarteko zuzenbidean aditua. Kolonbiako gobernuen gehiegikeriak eta ustelkeria epeltasunik gabe kritikatzeagatik jazarri zuten. Oraindik, eta harekin oso kritiko izanagatik, Alvaro Uribe presidente ohiarekin komunikazio zuzena du. Dena bizi izan du. Diktadura, gerrillaren sorrera, ustelkeria, bake prozesua, desagertuen eskubideak defendatzeko prozesu legalak… Eta azken urteotan minetik eta distantziatik krisi migratorioaren fenomenoa.

Gartnerrek garbi azaltzen du egungo Darienen dauden indar paramilitarrak nondik datozen. «Kolonbian bake negoziazioak egin ziren. Desmobilizazioak izan ziren, estradizioak... Baina asko hor geratu ziren, hala nola Otoniel -Dairo Antonio Usuga narkotrafikatzailea-. Autodefentsa Gaitanistak -Golkoko Klana- deiturikoak eta talde ekonomikoak diren beste talde batzuk osatu zituzten», azaldu du abokatu kolonbiarrak.

Gaur egun talde horien helburuak erabat ekonomikoak direla ziurtatzen du. «Ez dituzte lapurreta soilak egiten, kokaina ekoizten duten enpresak dituzte, gasolina kudeatzen dute... Beraz, talde hauentzat Darien fruta gustagarria da. Eta, gainera, migrazioen giza fenomeno hori maneiatzea eta gozatzea ahalbidetzen die. Pertsonen trafikoan enpresa garrantzitsuenetako bat dira azken urteotan. Gizaki-salerosketan ari dira. Gerrarekin zuzenean lotutako fenomenoak dira. Dariengo eskualdeagatik eta migrazio-krisiagatik egin ez den gerra da Kolonbiakoa. Baina talde horiek, FARCen (Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak), ELNren (Nazioa Askatzeko Armada), Kolonbiako gobernuek sustatutako paramilitarren eta beste hainbaten disidenteak, hor zeuden migrazio-krisia areagotu zenean», zehaztu du Gartenerrek.

Testuinguru honetan egokitu zaie migratzea ia bi milioi pertsonari azken urteotan Dariengo oihanean zehar. Hamaika arrazoi dituzte bizitza erabat arriskuan jartzeko. Ondoren, engainatu dituzten sentsazioa bizi dute maiz. TikTok sare sozialean ikusitako bideoek edo beste une batean Estatu Batuetara bidaiatu zuen auzokidearen testigantzak itsutu ditu. Eta itsuari oihana ilun. Ulisesen sindromea elikatzen doaz, oraindik, jomuga milaka kilometrora dagoen honetan.