«Ez da beharrezkoa hiri handiak lotzeko abiadura handiko tren bat»

Ezkio ala Gasteiz Iruñearekin AHTaren bidez lotzeko eztabaida txosten teknikoek erabakiko dutela ziurtatu du Espainiako Gobernuak. Horretarako, udalen baimenik gabe egin nahi dituzte zundaketak. Horiek boikotatzen ari direla diote zenbait hedabidek, eta hori gezurtatu zuen atzo NAIZ irratian Arruatzuko alkate eta AHTren kontrako ekintzaile Gorka Ovejerok.
«Guk dakigula Aralarren, ez Nafarroa aldean, ez eta Gipuzkoa aldean, ez da zundaketarik egin eta, beraz, gezur hutsa da jendea mehatxuak egitera edo sabotatzera joan dela, ez baita inongo zundaketarik egin Sakanan», argudiatu zuen Ovejero alkate eta ekintzaileak.
Eztabaida nagusia Ezkiotik ala Gasteiztik joango den izaten ari da batzuen ahotan, baina badago beste aukera bat, Ovejeroren ustez: «Badago beste alternatiba bat, zero alternatiba. Kaltegarria eta ekonomikoki oso handia den eta ingurumenari eraso egiten dion azpiegitura baten aurrean, eta onura soziala, ekonomikoa zein mugikortasunarena oso txikia denean, badago zero alternatiba: hobe da ez egitea egitea baino. Guk hori aldarrikatzen dugu; ez da beharrezkoa hiri handiak lotzeko abiadura handiko tren bat».
Gogoratu zuen «betiko trena» deiturikoa indartzea izan daitekeela aukera egokiena, bere ustez, eskualdeak ere lotzen dituelako tren horrek, eta indartuz gero, herritar gehiagori egingo diola mesede.
KALTEAK ETA AUKERAK
Espainiako Barne Ministerioak Gasteiz lehenetsiko duela dirudiela esan zuen baina, Arruatzuko alkatearen ustez, AHTa bera da arazoa, «eta ez Gasteiz ala Ezkio». Lakuntzatik hasita 21 kilometroko tunel bat egin nahi dutela gogoratu zuen, Aralar osoa zulatuz eta ur erreserba guztiak desagerraraziz: «Leon eta Asturias artean jada saiatu ziren horretan, eta 15 urte egon dira zuloa ezin egin». «Gure ustez, benetako galdera hau da: behar dugu abiadura handiko tren bat? Euskal Herriak behar du horrelako azpiegitura suntsikor bat? Gure ustez, ez»; hausnarketa horrekin amaitu zuen elkarrizketa.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
