Imanol CARRILLO
KOPA

Athletic eta Osasuna, iragan urrun eta hurreko zauriak osatu nahian

Zuri-gorriek eta gorritxoek final-laurdenetarako txartela eskuratu nahi dute, gaur beteta espero den San Mamesen (19.30). Bi taldeek arantza kendu nahi dute: Athleticek, duela bi denboraldi, eta Osasunak, duela aste batzuk Ligan gertaturikoagatik.

Osasunako jokalariak, atzo Sadarren egindako entrenamenduan.
Osasunako jokalariak, atzo Sadarren egindako entrenamenduan. (CA OSASUNA)

Kopa bero-bero dator. Final-zortzirenek Athletic eta Osasunaren arteko derbia ekarri digute. Alde ona, ikuskizuna eta giro bikaina egongo dela beteta espero den San Mamesen (19.30ean); alde txarra, ordea, bietako batek bakarrik lortuko duela final-laurdenetarako txartela eta bestea kanporatuta geratuko dela. Ondo bidean, hurrengo kanporaketan bi euskal talde aritu litezke, betiere Realak gaur Rayo Vallecano kanporatzen badu.

Athleticek San Mames betetzeko deia egin zuen asteartean eta Bilboko estadioa derbirako goraino apainduko dela dirudi. Zuri-gorriak egungo txapeldunak dira eta horrek agian presio puntu bat ekar liezaieke. Dena den, etxean jokatzen dute, zaleen aurrean. Partida bakarrera jokatzen da kanporaketa hau eta, beraz, edozer gerta liteke.

Osasunak inork baino hobeto daki zer den Athletic Kopatik kanporatzea, eta San Mamesen gainera. Duela bi denboraldi egin zuen, finalerdietako itzulerako luzapenean, 116. minutuan, Pablo Ibañezek boleaz sartutako gol bati esker. Horrek finalerako txartela eman zien gorritxoei. Partida horretan, Nico Williamsek aukera pare bat galdu zituen eta ostegun honetan arantza kendu nahiko du ziur aski.

Jokatzeko aukera izpirik ez du Oihan Sancet nafarrak. Duela hiru aste Sadarren lesionatu zenetik, ez du osatzea lortu, eta, zalantza handia bazen ere, Ernesto Valverdek atzo arratsaldean baieztatu zuen ez dela deialdian sartuko. Nico Williams eta Iñigo Ruiz de Galarreta ere antzera aritu dira, baina bi hauek osaturik daude dagoeneko. Ander Herrera, berriz, ez da San Mamesen egongo. Erdilaria Buenos Airesera iritsi da Boca Juniorsek fitxatuta. Taldeak ez du asko nabarituko haren hutsunea, azken bi urte eta erdian ez baitu minutu askorik izan.

Gauzak hala, Valverdek errotazio gutxi egin ditzake. Hori bai, Julen Agirrezabalak atean jarraitzea aurreikusten da, bera baita Kopako atezaina. Atzean, Oscar de Marcos, Dani Vivian, Aitor Paredes eta Yuri Berchiche egongo lirateke -edo osaturik dagoen Yeray defentsa erdian, Ada Boiro ezker hegalean Yuri zaintzeko eta Gorosabel eskuinean-; zelai erdian Jauregizar eta Galarretak jokatuko lukete; aurrerago Iñaki eta Nico Williams anaiek eta Berenguerrek; eta aurrean, Gorka Guruzetak.

Valverdek duela bi urteko partidaren «antzekoa» espero du gaur. Horrez gain, Lezaman emandako prentsaurrekoan azpimarratu zuen orain, Vicente Morenorekin, Osasunak «Osasunaren antza» duela. «Eta, Osasunak jokatzen duenera ikusita, askoz ere hobea da originala imitazioa baino. Osasunak beti ematen du aurpegia, atzean sartzen zaitu Budimirrenak bezalako erdiraketekin; beti egin dute eta oso ondo, gainera», gehitu zuen.

OSASUNA

Talde gorritxoak, aldiz, Ligan daraman bolada txarrari amaiera eman nahi dio Kopan aurrera eginda. Duela aste batzuk Athleticen aurkako derbia galdu zuten eta horrek beste ilusio eta motibazio puntu bat emango die Vicente Morenoren jokalariei.

Denboradi honetan Atleticok bakarrik lortu du San Mamesen irabaztea, baina gaurkoa partida bakarrera jokatzen den kanporaketa izanda, gauzak bestelakoak izango dira eta Osasunak ezingo du ezer utzi aulkian. Horregatik, astearteko entrenamenduan ez zuten pistarik eman nahi izan eta atzo Sadarren egindako entrenamenduan ere gauza gutxi ikusi ahal izan ziren.

Argi dagoen bakarra da Bryan Zaragoza ez dela Bilbora joango. Bere lesioa gaindituta taldearekin normaltasunez entrenatzen hasi bada ere, prestatzaile gorritxoak ez du presarik eta nahiago du %100ean egon datozen konpromiso garrantzitsuetarako; Rayoren aurka igandean eta Las Palmasen kontra ondoren.

«Bryan [Zaragoza] ez dago behar bezala deialdian sartzeko. Egia da oso ondo eboluzionatzen ari dela eta oso azkar doala, baina mundu guztia ados jarri behar da: jokalaria, medikua eta entrenatzailea», adierazi zuen Vicente Morenok atariko prentsaurrekoan.

Osasunak bidaia luzeak izan ditu aurreko kanporaketetan: Chiclana, Ceuta eta Tenerife, eta denetan garaile atera da, hamar gol sartuz eta beste hiru jasoz. Kopa begi onez ikusten da urtero Iruñean; are gehiago, duela bi urte finalera iritsi ostean -Real Madrilen aurka galdu zuten-.

Arantza hori kentzeko beste pauso bat eman nahi dute gaur Bilbon. Duela bi denboraldi luzapena behar izan zuten bi taldeek Pablo Ibañezek gola sartu arte. Gaurkoa ere lehia orekatua espero da.

Hori bai, Vicente Morenok «90 minutuen barruan irabazi» nahi du. Garrantzia eman zion San Mamesen, etxetik kanpo, jokatzeari; izan ere, «kanporaketa Sadarren jokatzea gustatuko litzaidake», onartu zuen. «Kanporaketa gainditzeko aukera gehiago daude. Etxean oso indartsuak gara. Zorionekoak gara honelako partida bat bizitzeagatik», gaineratu zuen.

Eta estatistikak onak dira Osasunarentzat. Bilbora egin dituzten azken zazpi bisitetan, lehia bakarra galdu dute. «Beti begiratzen dituzu estatistikak, are gehiago zure onerako direnean edo positiboak direla uste duzunean. Ea betetzen den, baina partida bakarrera jokatzen den kanporaketa bat da eta irabazi beharra duzu», azpimarratu zuen Morenok.

Azkenik, estrategia jokaldiei eta Athleticen partida «hasiera agresiboari» garrantzia eman zion prestatzaileak. Has dadila ikuskizuna!