Z. BADIOLA - P. LEKUONA

«Konponbidea eskatzen diegu Sunsundeguiren gainbehera ekarri dutenei»

Sunsundegui enpresak ez du oraindik inbertsiogilerik. Langileak aldi baterako enplegu-erregulazio espediente egoeran daude, otsailean konkurtsoko administratzaileek enpresaren inguruko erabakia hartzen duten arte.

Ondorengo asteak «erabakigarriak» izango direla esan du langile-batzordeak. Gaizka Ugarte LABeko kideak ohartarazi du «agertoki gertukoena itxiera» dela. Azaldu du egon izan direla eta badaudela «aukera ezberdinak» mahai gainean, baina momentuz ez omen dago proposamen zehatzik. Dena dela, nabarmendu du Sunsundegui «produktua eta merkatua duen enpresa» dela eta izan beharko lukeela aurrera egiteko aukera.

Enpresa nafarraren gainbehera 2008ko krisialdian hasi zen. Produktuak «errentagarritasun eza» izan duela eta «enpresaren kudeaketa txarrak eta beste enpresa batzuk egoeraz probestu» izanak eraman dutela Sunsundegui egungo egoerara azaldu du Ugartek. «Volvok ardura garrantzitsua izan du. Sakanan ekoiztutako bere produktuak atera dira merkatura, baina oso prezio baxuan. Beraiek atera dituzte etekinak Sunsundeguik galerak zituen bitartean». Horrek «langileen lan baldintzak prekarizatzea» ekarri du, LABeko kidearen ustez. Hori salatu du sindikatuak denbora luzez, «enpresaren antolaketa eta gestio arazoak».