Getariako Txakolinaren uzta %10 murriztu da, klimatologikoki «urte zaila» izan zelako
2,5 milioi litro txakolin ekoitzi dituzte Getariako Jatorri Deiturako 2024ko uzta barnean, aurreko urtean baino %10 gutxiago. Klimatologikoki «urte zaila» izan zela nabarmendu zuten atzo Txakolin Egunean.

Getariako Jatorri Deiturako 2024 txakolinaren uzta 2,5 milioi litrokoa izan da, aurreko urtean baino %10 murritzagoa, klimatologiagatik.
Halaxe adierazi zuten atzo Getarian ospatu zen Txakolin Egunean, San Anton egunean, iazko uztaren datuak ematean.
«2024. urtea klimatologikoki urte zaila izan da. Udaberri euritsua, uda nahiko hezea eta egun eguzkitsu gutxikoa», azaldu zuen Itziar Eizagirre Getariako Jatorrizko Deituraren presidenteak. Bertan, sektorearen profesionaltasunak «uzta salbatzea» ahalbidetu duela nabarmendu zuen.
Eizagirrek esan zuenez, txakolin berria kalitate handikoa da, freskoa, ahoan orekatua eta 11 graduko alkohol graduazioarekin. Ekoizpenaren %91 txakolin zuria da, %9 gorria eta %1 beltza.
Getariako Txakolina izendapena Gipuzkoa osora zabaldu zen 2007an.
Une honetan txakolinaren oinarria den Hondarribi mahats barietateetako mahastiek 458 hektarea dituzte, eta ardo hori 34 upeltegitan ekoizten dute.
Hondarribi Zuria eta Hondarribi Beltza mahastien azalera landatua 458 hektareakoa da. Bertako barietateak dira, eta honela daude banatuta: Getaria (%45), Aia (%15), Zarautz (%12), Zumaia (%4,5), Oñati (%3,5) eta Hondarribia (%3,5). Gainerako %16,5 honako herrietan dago: Aizarnazabal, Alkiza, Arrasate, Azpeitia, Beizama, Deba, Donostia, Hernialde, Mutriku, Oiartzun, Olaberria, Orio, Urnieta, Usurbil, Villabona, Zerain eta Zestoa artean.
Getariako Txakolinaren nazioarteko salmenta toki nagusiak Estatu Batuak, Eskandinaviako herrialdeak, Estatu frantsesa, Britainia Handia eta Japonia dira.
Eizagirrerekin aurkezpenean izan ziren Haritz Alberdi Getariako alkatea, Raul Perez Iratxeta Lakuako Gobernuko Nekazaritzako sailburuordea eta Raimundo Ruiz de Escudero Haziko zuzendaria, Xabier Arruti eta Azahara Dominguez foru diputatuekin batera.
Herritarrentzat txakolin dastaketa hasi aurretik, datuak aurkezteko topaketa egin zuten eta Itsas Etxea kofradia saritu zuten. Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradien Federazioaren idazkari nagusiak ordezkatu zuen. Pregoia Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariek egin zuten.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
