GARA
GASTEIZ

Eskolak etxeetatik gertu nahi ditu Lakuak

Ikasturte honetan EAEko familien ia %95ek lehen aukeran matrikulatu ahal izan dituzte seme-alabak. Orain, aurrematrikuletan etxetik gertu dauden ahalik eta ikastetxe gehien eskatzea gomendatu du Lakuak.

Begoña Pedrosa, Lakuako Hezkutza sailburua, artxiboko irudi batean.
Begoña Pedrosa, Lakuako Hezkutza sailburua, artxiboko irudi batean. (Endika PORTILLO | FOKU)

2024-2025 ikasturtean familien %94,7k matrikulatu zituzten seme-alabak lehentasunezko aukeran. Hala ere, hurrengo ikasturterako aurrematrikuletan etxetik hurbil dauden ikastetxeak eskatzea aholkatu du Lakuak, familiak ez daitezen bideratu behar izan eurek hautatu ez duten ikastetxe batera.

2025-2026 ikasturtean, ikasleak bi urteko edo goragoko mailan matrikulatuta badaude eta ikastetxe eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute, plaza bermatua izango dute. Haurrak urtebeteko gelan matrikulatu dituzten familiek eskaera aurkeztu beharko dute ikastetxe berean jarraitzeko, ikasleak hezkuntza sisteman bi urteko edo goragoko mailan sartzen baitira.

Aurrematrikula prozesua otsailaren 3an irekiko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eta familiek otsailaren 14ra arte egin dezakete eskaera, nahi beste ikastetxe eta hizkuntza eredu eskatuta. Bi era daude eskaerak aurkezteko: Internet bidez edo lehenengo postuan aukeratutako ikastetxean.

Hezkuntza Sailak informazio kanpaina bat diseinatu du aurrematrikula aldiaren irekieraren inguruan. Bertan, «irudimena eta sormena pizten dituen eta guztion inklusioa eta arrakasta akademikoa sustatzen duen gune» gisa erakusten du eskola publikoa.

IAZKO BERRIKUNTZA BERBERAK

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu zuenez, aurreko ikasturteko berrikuntzak mantendu dira. Eskola segregazioari aurre egiteko iazko neurri berak ezarriko dira, eta 2, 3 eta 4 urteko geletan plazen erreserba aplikatuko da.

Urtarril honetan, EAEko Auzitegi Nagusiak Lakuaren hezkuntza antolaketako dekretua ezeztatu du. Egoera zaurgarrian dauden ikasleen banaketa zuen berrikuntza nagusi eta Ehigek eta Steilasek helegitea jarria zuten, titulartasun publiko eta pribatuko ikastetxeak «parekatzea» legearen kontra doala iritzita. Hezkuntza Sailak dio dekretuak indarrean segitzen duela, Hezkuntza Legearen barruan.

Familiei gogorarazi diete aukeratutako ikastetxean gutxienez beste seme-alaba bat matrikulatuta duten eskatzaileek plaza ziurtatua izango dutela hasierako mailan (2 urteko edo 3 urteko gela). Ikastetxe bakarra duten udalerri edo inguruetan bizi diren eskatzaileek bertan lortuko dute plaza, hala eskatzen badute. Eskaera egin duten familiek, hasierako mailan, erditze anizkoitzetatik jaiotako seme-alabak badituzte, 6,5 puntu jasoko dituzte bakoitzarengatik.

Martxoaren 5ean argitaratuko dira eskatzaileen zerrendak, eta 18an, plaza esleitzeko behin-behineko zerrendak. Erreklamazioak aurkezteko epea apirilaren 10era arte izango da zabalik, eta egun horretan behin betiko zerrendak plazaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea maiatzaren 30ean agortuko da.