Urtebete talibanak filmatzen

AEBko tropak Afganistandik alde egin eta berehala, talibanek ‘‘HollywoodGate’’ izeneko gunea okupatu zuten, ustez CIAk Kabulen zuen basea. Talibanek hegazkin, arma eta ekipo militarreko pieza ugari aurkitu zituzten bertan.
Ibrahim Nash'at zinemagile egiptoarrak urtebete eman du talibanen egunerokoa filmatzen, baina ez da ezkutuan grabatu den lan bat: irudiak hartzeko euren baimena izan du; izan ere, hasieran, atzerriko zinemagile baten presentzia erakargarria egiten zaie talibanei. Dokumentalak aurrera egin ahala, ordea, jarrera aldatu egingo da eta «bere asmoak txarrak badira, laster hilko dugu» eta halakoak entzuten dira dokumentalean.
Kameraren bidez AEBko ekipo militarraren jabetza harrapatzeaz gain, baseko agintari berrien egunerokotasunean murgiltzen gaitu: haien diskurtsoak, entrenamenduak eta egitura militarraren berrantolaketa erakusten ditu zuzendariak.
Estetika soil eta erritmo pausatuarekin garatzen da lana: ez dago artxibo irudiekin lagundutako narratibarik eta ehizatzen dituen irudietan ez dago gordintasun edota eszena bereziki deigarririk. Irudien gainetik off-eko ahotsik ez egoteak errealitaterako sarbide gordin baten aurrean gauden sentsazioa indartzen du, baina talibanen egunerokoa erakusten du, besterik ez; ikuslearen esku uzten du irudi horien esanahiaren atzean dagoen guztia deszifratzea.
Hautu narratibo horrek bazuen arrisku bat: nahi gabe bada ere, talibanak gizatiartzen dituzten uneak erakusten ditu. Dokumentalak talibanen propaganda itxura hartzeko arriskua zuen, baina ez da halakorik gertatzen: irudiak erakunde militar islamistaren zentsuraren menpe daudela aipatzen da une oro.
Filmaren amaierak hotzikara eragiten du; ageri den desfile militarra sinestezina da.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
