G.I.
HERNANI
FLOW

Urteko animaziozko filmik ederrenetarikoa

Gints Zilbalodis (Riga, 1994) letoniar zinemagile eta konpositore gazteak aparretan jarraitzen du. Bere bigarren film luzeak, “Flow’’, nazioarteko 50 sari baino gehiago lortu ditu, horien artean Animaziozko Film Onenaren Urrezko Globoa; Oscar sarietarako izendatuen artean egotea ere aurreikusten da; “The Wild Robot”-en (“Robot Salvaje”) lehiakiderik indartsuena da.

“Flow” filmak, elkarrizketarik gabe eta narratiba bisual txundigarria erabiliz, biziraupen eta auto-aurkikuntza bidaia batean murgilduko du ikuslea.

Munduak hondamendi moduko bat jasan du, eta uraren maila gero eta gehiago igotzen ari da. Testuinguru honetan, ahal duen bezala bizirauten duen katu beltz txiki bat ageri da. Hau izango da film letoniar eder honen protagonista, baita bidean topatuko dituen beste animalia batzuk ere; gizakiak desagertu egin dira.

«Erronka asko jarri genizkion geure buruari: ez dugu storyboard-ik erabiltzen, kamera asko mugitzen da eta animaliak irudikatzea oso zaila da, lau hanka dituztelako. Horrek gauzak zailtzen ditu. Belarriek, isatsek eta bere begien mugimendu txikiek emozioak adierazteko aukera eman digute», adierazi du Gints Zilbalodis zuzendariak Efe-ren elkarrizketa batean.