Azpeitian kanon bat ordainduko da etxeak hutsik mantentzeagatik
Udalak dituen datuen arabera, 563 etxe huts daude Azpeitian eta etxe bat alokatzeko 553 eskaera daude Etxebiden. Datuok eskuan eta etxebizitzaren funtzio soziala oinarri hartuta, Nagore Alkorta alkateak atzo aurkeztu zuen etxe hutsak alokairura bideratzeko plana.

Azpeitiko Udalak atzo aurkeztu zuen etxe hutsak alokairura bideratzeko plana. Etxe hutsen jabeei gutunak bidatzen hasiko da datorren astean, etxerik berrienetatik eta igogailua dutenetatik hasita. Hilabeteko epea emango zaie jabeei Etxebizitza Bulegora joateko, beren etxeen egoerari eta merkaturatzeko aukerei buruz hitz egiteko.
Etxeak hutsik mantentzea erabakitzen dutenek kanon bat ordaindu beharko dute: metro karratuko 10 euro urtean, eta %10eko igoera aplikatuko zaie hurrengo urteetan.
Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak, Joanes Amenabar zinegotziak eta Iñaki Zabaleta Azpeitia Berritzeneko arduradun teknikoak parte hartu zuten aurkezpenean. Alkortak azaldu zuenez, «etxeen funtzio sozialean» oinarritzen da plana. EAEko 2015eko Etxebizitza Legeak esaten du, etxe bat hutsik baldin badago bi urtez jarraian, eta betiere legeak zehaztutako justifikatutako arrazoirik ez badago, etxe horrek ez duela funtzio soziala betetzen, eta udalei aukera ematen die jenderik gabeko etxebizitzaren deklarazioa hasteko. «Horixe da Azpeitiko Udalak egingo duena. Izan ere, uste dugu etxe hutsek herri osoari kalte egiten diotela, eskaintza gutxitzen delako, prezioak garestitu, auzoak degradatu…», nabarmendu zuen.
Esan zutenez, jenderik gabeko etxebizitzei eta etxebizitzaren funtzio soziala betetzeko neurriei buruzko 149/2021 dekretuko irizpideak hartu ditu Udalak, etxe hutsen zerrenda egiteko. Besteak beste, uraren, gasaren eta argindarraren kontsumo baxuak dira etxe bat hutsik egoteko zantzuak.
Udalak esku artean dituen datuen arabera, 563 etxe huts daude Azpeitian. Bien bitartean, udalerri horretan etxe bat alokatzeko 553 eskaera daude Etxebiden (horiei merkatu librean alokairu bila ari direnak gehitu behar zaizkie).
GOMENDIOA, BIZILAGUNERA BIDERATZEA
Oro har, etxe hutsak Bizilagun programara bideratzea gomendatuko du Udalak, «alokairu soziala sustatzeaz gain, etxea modu seguruan alokatzeko aukera ematen dielako jabeei». Hala ere, etxea merkatu librean alokatzen dutenei edo salmentara ateratzen dutenei ere eten egingo zaie etxe huts gisa deklaratzeko prozedura. «Helburua ez da kanona aplikatzea -adierazi zuen alkateak-, etxeak alokairura ateratzea baizik, etxeek funtzioa soziala izan behar dutelako, eta ezin dugulako ahaztu etxe bat baldintza duinetan izateak edo ez erabat baldintzatzen dituela norbere eskubide eta bizi proiektuak».
Alokairura atera ahal izateko obrak behar dituzten etxe hutsei laguntzeko asmoz, laguntza lerro berri bat ere sortu du Udalak, eta 3.000 eurora arteko laguntzak emango ditu. «Jarraituko dugu babestutako etxeak egiten eta etxebizitza arazoari aurre egiteko bestelako neurriak hartzen, baina etxe hutsetan indarra jartzea ere behar-beharrezkoa iruditzen zaigu», esanez amaitu zuen agerraldia Alkortak.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
