GARA
LEKAROZ

Aroztegiko auzipetuen alde manifestatzeko deia egin du Ernaik

«Lurraren defentsan. Kriminalizaziorik ez. Aroztegia gelditu» lelopean otsailaren 1ean Iruñean deituta dagoen manifestazioan parte hartzeko deia egin die Ernaik Euskal Herriko gazteei. Lekarozen agerraldia egin zuen atzo eta «kasu isolatua» ez dela salatu zuen.

Baztango Ernaik Lekarozen egin zuen agerraldia.
Baztango Ernaik Lekarozen egin zuen agerraldia. (ERNAI)

Baztango Ernaik agerraldia egin zuen atzo Lekarozen, 2021ean Aroztegiko lurretan obrak geldiarazteagatik otsailaren hasieran zazpi lagunen aurka hasiko den epaiketaren harira. Epaiketa bera salatu eta auzipetuei babesa adierazteko manifestazioa egingo da otsailaren 1ean Iruñean, eta bertara joateko dei egin zioten Euskal Herriko gazteriari; 15.50ean Intsumisioaren parketik aterako da Gazte Blokea.

Azaldu zutenez, epaituko dituzten zazpi baztandar horietatik lau Ernaiko militanteak dira. Ernairen ustez, «ez da kasualitatea» zazpi pertsona horiek auzipetuak izatea; «Herri zein gazte mugimenduetan duten inplikazio politikoa da epaitu nahi dutena».

Nabarmendu zutenez, auzi hau «ez da kasu isolatua. Sistema kapitalista, ekozida eta zisheteropatriarkatuari mesede egiten dion aurrekari bat sortu nahian dabiltza eta herri mugimendua kriminalizatzera joko dute hemendik aitzinera».

Ernairen iritziz, auzi hau «ez da ausazkoa izan; ehunka lagunek parte hartu zuten kanpaldi batean 7 pertsona soilik auzipetu izanak militantzia politikoan aritzeagatik eta herri mugimenduan parte hartzeagatik epaituak izanen direla argiki adierazten du. Agerikoa da militantzia politikoa kriminalizatzea dutela helburu, herria beldurtu eta kikildu nahian».

Horrekin, argi utzi nahi izan zuten Baztan «ez dagoela salgai. Gure lurra eta komunitatea babesteagatik jasandako errepresioa ezin dugu ulertu ez bada sistema kapitalista-ekozida honen barnean etekin ekonomiko mugagabeak lortzea helburu duelarik».

Ernairen aburuz, «argi dago handik eta hemendik sos bila dabilela Palacio de Arozteguia S.L. enpresa, lehen proiektuarekin, eta orain Nafarroako eta Espainiako gobernuei eskatu dizkien 43 milioi euroko kalte ordainekin».

«Bi gobernu hauek kantitate hori ordaindu ezean, Aroztegiko auzipetuen gain eror daiteke diru multzo hori ordaintzearen ardura, eta lurra eta herri borondatea babesteagatik hau ordaintzea onartezina dela adierazi nahi dugu», nabarmendu dute.

«Ozen» aldarrikatu zutenez, «natura, herriak eta bizitza duinak erdigunean dituen Baztan bat eraiki nahi dugu», eta Euskal Herrian «proiektu txikitzaileen aurkako borrokan jarraituko dugu».