Euskal Nazioa desberdinen artean egiteko ahalmena aldarrikatuko dute
Euskal Herria Batera herri ekimenak apirilaren 11n, Aberri Egunaren atarian, egingo duen ekitaldiaren nondik norakoak azaldu zituen atzo agerraldi batean. Pieza kultural bat izango du oinarri gisa, hainbat sortzaileren parte-hartzearekin, eta Euskal Nazioa desberdinen artean eraikitzeko ahalmena badagoela defendatuko du.

Apirilaren 11n, Aberri Eguna baino bederatzi egun lehenago, Euskal Herria Baterak ekitaldia egingo du Donostiako Kursaalen. «Ekitaldi berezi eta indartsua izango da» diotenez, eta Euskal Nazioaren oraina eta etorkizuna desberdinen artean eraikitzen jarraitzeko ahalmena eta borondatea «egon badagoela» aldarrikatuko dute.
Hala azaldu zuten atzo Euskal Herria Baterak Donostian eskainitako prentsaurreko batean. Abenduan eman zuten ekitaldiaren berri, baina oraingoan oinarria pieza kultural bat izango dela zehaztu zuten. Beraz, ikuskizun artistiko batean, hainbat sortzaileren pentsaera eta ideia eszenikoak batuko dituzte. Besteak beste, Manex Fuchsek, Lorea Agirrek eta Martxel Rodriguezek parte hartuko dute.
«Aberri Eguna ospatzea ezinbestekoa da guretzat, nazio baten parte izatearen harrotasuna eta ospatzeko eguna da», adierazi zuten. Hori dela eta, modu bateratuan antolatzea «ezinbestekoa» dela nabarmendu zuten: «Batera ezberdinen artean, batera lurraldeen artean, batera herri gisa etorkizuneko erronkei aurre egiten, batera herri eraikuntzan, instituzioetan eta herrigintzan dihardugun askotarikoen artean».
Kursaalean egingo den ekitaldiaren bitartez, beraz, euskal gizarteari eta munduari honako mezua igorri nahi diete: «Hemen bada herri bat, askotariko ezberdintasunekin, bere nortasunarekiko eta etorkizunarekiko konpromisoa azaldu nahi duena. Bagara eta izan nahi dugu. Europan nazioen erabakitzeko eskubidea eztabaidagai den honetan, are garrantzi handiagoa du gu ere munduaren aurrean baden eta izan nahi duen nazio gisa azaltzeak».
Aldi berean, ekitaldira joaten denak Aberri Eguna «denona, euskal gizartearena» dela defendatuko du. Beraz, Aberri Egunari «dagokion garrantzia eta instituzionalizazio maila» emateko deia zabaldu dute, horrela «ospakizuna zabaltzeko eta batera ospatzeko baldintzak sor daitezen».
Horrekin batera, Euskal Herria Batera ekimenak «Euskal Herria aintzat hartzen duten eragile guztiak, gure herriaren eraikuntzan aktibo direnak eta, noski, gonbidatuak izango direnak bertaratzera eta batzera» deitu zituen.
DIASPORA ERE BAI
«Zortzigarren herrialdeko» euskal komunitateko kideei ere, diasporakoei, zuzendu zaizkie. «Egoera desberdinetan eta Euskal Herritik kanpo egon arren, askok euskal komunitatearen bateratasunean partaide sentitu nahi dute, beste euskaldunekin lotura eduki», azaldu zuten agerraldian.
Horrela, beraien parte-hartzea defendatzen dute, esan zutenez, egun hori «norberak bere inguru edo komunitatekoekin zerbait ospatzeko aukera» delako, baina, aldi berean, «beste euskaldunekin konektatzeko bidea, zerbait handiagoaren parte sentituz».
2024ko Aberri Egunean Bilboko Campos antzokian egun hau alderdikerien gainetik batera ospatzeko deia egin zuen Euskal Herria Baterak, Iñaki Goirizelaia eta Estitxu Garaik irakurri zuten manifestu baten bitartez. Alderdiekin batera, bertan izan ziren sindikatuak eta euskara, hezkuntza, unibertsitate, kirol, diaspora eta beste arlo batzuetako ordezkariak.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
