Doinuek zama arindu ostean, libre izateko zain
Hamar edizioren ostean, agur esan zuen atzokoan Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdiak Etxarri Aranatzen. Presoen aurkako salbuespen politikek eragin zuzena izan duten herria da ezbairik gabe Sakanako udalerria. Politika anker horien zama oraindik ere nabaria den arren, ziklo politiko berri baten aurrean, bukaera eman diote elkartasun jaiari.

Kartel berezia zuen aurtengo Zama Doinuz Arindu elkartasun jaialdiak, eta nabari zen hori Etxarri Aranatzen arratsaldeko lehen ordutik. Bide honetan 70etik gora artista izan dira parte hartu dutenak, eta haietako asko gerturatu ziren Sakanara bi orduko emanaldia eskaintzeko. San Donato eskola ondoko futbol zelaiko aparkalekua 16.00etarako hasi zen betetzen, eta herriko tabernetan kafe bat hartzeko justuko beta izan zuten herrira hurbildu zirenek. Jendea 17.00etarako ilaran zen, eta eskolara sartzeko gogotsu. 17.30ean sartu ziren lehenak, eta segituan hasi zen Zigor DZ bere platerak dantzan jarriz, bertaratuen belarrietara musika goxoa iristeko. 18.00 jo orduko hasi zen ekitaldi nagusia, ‘‘Azken doinuak etxerantz’’, sarrera guztiak salduta zirela. «Ekitaldiaz gozatu, negar malkoak isuri edota egin irribarre. Mila esker hamar urte hauetan etorri zaretenoi eta zama arindu duzuenoi, ea betiko den», esan zuen sarrerako ahots batek. Jon Barbarin dantzari arakildarraren emanaldi batekin hasi zen ikuskizuna.
1975etik ia ez da hilabeterik egon Etxarri Aranazko biztanleren bat kartzelan egon ez dena, eta 50 urte hauetan 32 izan dira kartzela zapaldu duten herritarrak. Horren inguruko ikus-entzunezko bideoek jantzi zituzten artisten emanaldien tarteetan zeuden espazio laburrak, Itziar Ituñoren ahotsean.
DOINUAK ZAMA ARINTZEKO
Oholtzara igotzen lehena Eñaut Elorrieta gernikarra izan zen, eta ‘‘Mendigoxaliarena’’ abestiarekin hasi zen musikaren tartea. Lauaxetak idatzi zuen poesiak dio «Dana emon bihar yako maite den askatasunari», eta bikain ekarria izan zen atzokoan Elorrietaren partetik.
Ken Zazpiren osteko pop belaunaldia ordezkatzen duen Bulego taldea segidan, akustikoan agertu zen laukotea. Auzolanari gorazarre egin eta «ez dadila azken Zama Doinuz Arindu lan horren amaiera eta elkartasunaren amaiera izan» aldarrikatu zuen Tomas Lizarazuk.
«Plazer bat da kanpoan daudenei eta barruan daudenei abestea. Gure borroka izan da urte luzez eta azken presoa etxera etorri arte ez da bukatuko. Gora Euskal Herria Askatuta!», esan zuen Gatibu taldeko Alex Sarduik, Haimar Arejita eta Gaizka Salazarrekin beren bi kantuak jo aurretik.
PORROTXEN HUNKIDURA
Porrotx Edor akordeoilari lakuntzarrarekin sartu zen alfonbra gorria zeharkatuz, pago zuhaixka bat eskuan zuela, ‘‘Behin betiko’’ katuaren moldaketa berezi bat abestuz: «Horma zaharrak eraitsiz, bide berriak eraikiz, guk libre nahi dugu bizi» edota «Martxan jar bedi lege berria, aske eta Euskal Herria». Hiru ideia partekatu zituen. Preso, iheslari eta deportatuak izan zituen gogoan, eta azken bisita «ea laster datorren» esan zuen. Horren segidan, ‘‘Agur bat lagun maite’’ kantuarekin publiko guztia dantzan jarri zuen Porrotxek. Une dibertigarri eta goxoa, «azken bisitan ere abestuko duguna». Atzetik, ‘‘Epoitaitaiye’’ abestu eta dantzatu zuten elkar hartuta bertaratuek, «tristurak partekatzen ditugun arren, herri alaia garelako», esan zuen Porrotxek kantuan hasi aurretik. Pagoa antolakuntzan aritu direnei opari ekarri zien Porrotxek: «Herriko txoko batean landatu eta bidean galdu ditugun hildako senide guztiak gogoan izan ditzagun. Eta bete ditzagun gure ametsak Euskal Herri libre batean, mundu libre batean». Pagoa Xochitl Karasatorreri eman zion, «zu ere motxiladun umea izan zinelako eta oraindik ere aita espetxean duzulako».
AZKEN DOINUEKIN ETXERA
Lehen orduaren ostean, musika izan zen nagusi. Bi boskote, Nøgen eta Brigade Loco lehenak. Azken hauek ‘‘Agur’’ atera berri duten kantua eskaini zuten eta Lander Aznalek horrela esan zuen: «Dispertsioari agur esaten gabiltzan honetan, Etxarrik zapore gazi-gozoarekin esango dio agur Zama Doinuz Arinduri». Emanaldiaren barnean, Joanes Larretxeak Martutenetik helarazitako eskutitza irakurri zuten Brigade Locokoek. Gorka Urbizuren txanda etorri zen gero, eta ‘‘Etxe bat’’ eskaini ostean «etxera, denok etxera» aldarrikatu zuen. «Hedabideak, fokuak eta botoak eskuratzen ari diren mediokre horiei aurre egin beharko zaie» esan, eta “Maravillas” etorri zen gero. Juantxo Arakamaren mezuz jositako barrak Little Martin Selektahren beat-ek jantzita etorri ziren gero, jendea dantzan jarriz.
«Hay casas que todavía están vacías» esan eta ‘‘No hay tregua’’ joz agertu zen El Drogas bere txandan. Bigarren kantua, ‘‘Al salir la luz’’, Nøgenekoekin batera eskaini zuen. Zea Mayseko Piti eta Aiorak “Elektrizitatea” intimoa eskaini zuten rockero nafarraren atzetik. Pastelari ginga jartzeko, Pello Reparazekin Maixux Zugarramurdi eta haren alabek ‘‘Hileta kantu nafarra’’ eskaini zuten lehendabizi, eta Erramun Martikorena igo zen oholtzara Reparazekin gero. Beste une magiko bat sortu zuten.
Hamar urtez arindu dute zama doinuz, baina oraindik benetako ‘‘Itzulera’’ falta da.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
